Italiar Alpeetan, Punta Rocca tontorrera igotzeko bidean gertatu da elur-jausia. Marmoladako glaziarraren zatia apurtu eta hainbat mendizale harrapatu ditu igandean. Zortzi lagun hil dira gutxienez –hamar eta hamabost artean desagertuta daude–, eta beste bederatzi zauritu. Erreskate taldeak biktima gehiagoren bila dabiltzanean, adituek azaldu dute ziur asko tenperatura altuengatik jausi direla elur, izotz eta harri pusketak.
Azken egunotan, 3.300 metrotik goragoko mendietan ere 10 graduko tenperaturak hartu dira. CNR ikerketa zerbitzuko kide Renato Colucci zientzialariaren hitzetan, ziurrenik muturreko beroagatik izotz kopuru handia urtu eta ur hori pilatuko zen glaziarraren oinean, hura apurtu eta jautsiaraziz. Hain justu, ezbeharrak berotze globalaren gain jarri du berriro arreta. IPCC aditu-taldearen arabera, izotz eta elurraren urtzea da berotze globalak eragindako mehatxu nagusietakoa, zeinak "aztoratuko" dituen ekosistemak, eta hainbat azpiegitura mehatxatu. Adibide gisa, Laponiako sami herriaren bizimoduan eragina du jada fenomenoak, baita Kanada eta Errusiako zonalde batzuetan ere, permafrost geruzaren urtzeagatik.
Marmolada, 25-30 urtean desagertuta
Reinhold Messner-ek, zortzimilako guztiak igo zituen lehenbiziko mendizaleak, ildo beretik jo du. "Izotza geroz eta finagoa da, eta erortzen denean, etxe-orratzen tamainako zatiak jausten dira. Betidanik gertatu dira elur jausiak, baina 1960ko hamarkadan arriskua askoz ere txikiagoa zen. Zoritxarrez, mendiak ere sufritzen du hiri handietako kutsadura".
Marmolada da Dolomitetako glaziarrik handiena. 25-30 urtean desgertu litekeela ohartarazi du CNR erakundeak, baita arinago ere tenperaturek gorantz egiten jarraitzen badute. Alpeetan, Seracco Whymper, Gran Croux eta bereziki Mont Blanc mendiko Planpincieux glaziarren egoeraz ere ohartarazi dute adituek.
Venetoko salbamendu taldeak zabaldutako bideoa:
3LUG #Marmolada Video di @cnsas_official La colata di neve, ghiaccio e roccia ha coinvolto anche il percorso della via normale, mentre vi si trovavano diverse cordate. Sul posto gli elicotteri di Pieve di Cadore, Cortina, Trento, PC Veneto. E' in corso la "bonifica" della zona pic.twitter.com/DkKJwEl6Wa
— SUEM Veneto (@SUEM_Veneto) July 3, 2022
Desagertuak bizirik ateratzeko itxaropen urria
Salbamendu taldeek adierazi dute desagertutako hamar-hamabost mendizaleak bizirik ateratzeko aukerak izugarri urriak direla. Zortzi hildako baieztatu dituzte oraingoz: hiru italiar, txekiar bat eta oraindik identifikatu ez dituzten beste lau. Autoritateek jakinarazi dutenez, mendiaren magaleko aparkalekuetan dauden hamasei autoren jabeak ez dira oraindik agertu.