argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak |
Titulua: beste erabaki bat
Behe Banda 2024ko abenduaren 09a
Behe Banda

Karta esku artean hartuta zain daukat zerbitzaria, bere begiak gainean sumatzen ditut, denek aukeratu dute zer jan, batek oilasko paparra, gazta, tomate eta barbakoa saltsadun bokadiloa, besteak hanburgesa baina tomate, letxuga, kipula eta ezer gabe, lau zenbakia, lau zenbakiak daukan gauza guztiak kenduta, baina argi. Denek begirada batean erabaki, eta ni hemen bokadiloa edo hanburgesa nahi dudan ere jakin gabe. Zerbitzariaren hasperenaz gain lagunen begiradak sumatu ditut, presioa areagotuz, eta azkenean betikoa eskatu dut berriz ere.

Bokata bat edo bestea izan da gaurkoa. Ikasi edo bilerara joan, edo biak egiteko modua aurkitu askotan. Dirua zertan gastatu, bi kaña hartu edo zapata berriak erosteko aurreztu. Etxera joan bazkaltzera edo lagunekin geratu tabernan bazkaltzen tripak sakrifikatuz. Bollera naizela etxean esan edo ez. Karrera utzi behar dut edo desmotibazio puntuala da? Txikitan erraza da erabakiak hartzea, baditugu gosea, mina, logura eta antzekoak; ondoren imitazioa dugu bideari ekiteko modua, etxekoen amets frustratuekin batera. DBH-n hasten da lehen hautaketa baztertzailea, hormonen dantza kaotikoan letrak edo zientziak?

Kanpotik mugitu ezinik eta barrutik gelditu ezinik, dena analizatuz behin eta berriz

Kolore guztiak gustukoenak zituela esaten zuen lau urteko ume hark zelan baztertu horia? Ostadarra ez litzateke berbera horirik gabe. Ostadarra bera margotzean ere ñabardurak atzean uzten ditugu, interpretazio pertsonala egiten baitugu; kolore espektroaren sinplifikazio batera eraman dena, erabaki bat hartu: urdina argia eta iluna bai, baina berde bakarrarekin nahikoa. Eta ezinegona areagotu.

Orain hemen gaudela bidegurutzean, geldi. Kanpotik mugitu ezinik eta barrutik gelditu ezinik, dena analizatuz behin eta berriz, limiterik gabeko ekuazio batek besteko iterazioak emanez errore minimora iritsi ezinik bezala. Biak daude ondo, bat bera ere ez dago gaizki eta hor arazoa, azaroan arazoak, azaroan urte eta erdi barruko arazoa. Erabakien artean zehazki bakoitza zertan datzan jaki gabe, zoriari tokirik utzi ezinean, bat aukeratu dut.

Jarraian aukeratu ez dudan bide ororen doluari ekin diot. Dolua, lau fasez osatutako prozesua. Lehena, ukazioa: ezetza. Zergatik dago aukeratzeko beharra? Ez dut hautatuko, ez diot ideia bati uko egingo, baina ez aukeratzea ere aukeratzea da. Bigarrena, haserrea: autosabotajea praktikan jartzea. Ez banu galdetu izan… ez nuke hasierako ideia zalantzan jarriko, ez nuke erosoena aukeratuko, ez nengoke erabakia oihu artean ito nahian. Hirugarrena, negoziazioa: erabakiarekin elkarrizketa. Erosoenak ez du zertan gaizki aukeratu duzula esan nahi, hori balioan jarri duzula baizik, oraingoz zure beldurrei aurre egin nahi ez izatea zilegi delako.

Azkena, onartzea: ezin da aldatu. Irakurtzen ari zaren zutabe hau da aldatu ezin dena. Ez, ez dut dilema moralik aurkeztu, ez dut mundua aldatu, eta ez, ez da irakurri duzun zutaberik onena. Hori ere onartzea da. Zutabe hau izan zitekeenaren dolua ere badelako, badelako onartzea izango ez den guztia. Erabaki ororen garaipena erabaki izan ez direnekiko. Azkenean erabaki izan direnen mendekua, erabaki izaten utziko ez zioten horien kontra. Hori ere bada testu hau, erabaki ezintasunaren mendekua, edo oda. Edo beste dolu baten akonpainamendua.