Behingoz uda bukaera iritsi den honetan (edo hori espero dut behintzat) eta hondartzak apurka-apurka basamortutzen doazen heinean, emakumeen titiek espazio publikoa utzi eta jertse itxietara eta bularretako estuetara bueltatzen dira.
Uda izaten da emakumeen bularrak gutxieneko naturaltasun maila batekin onartzen diren urtaro/testuinguru bakarra (eta ez edonon, eta ez guztien onarpenarekin). Toplessa egiten duen emakumea izanik, biziki pozten nau ikusteak gero eta arruntagoa dela neskek bainujantziko goiko atala erabiltzeari uko egitea. Edo, behintzat, erabaki hori hartzeko babes handiagoa dutela sentitzea.
Nik titiak erakusteko trantsizioa pausatuki egin nuen, eta esan beharra dut oraindik lekuaren eta konpainiaren arabera hartzen dudala hori egiteko edo ez egiteko erabakia, gustura egoteko eta gozatzera noalako hondartzara. Baina bakar bakarrik noanean, beste eremu batzuetan topatzen ez dudan geriza aurkitzen dut, pausoa ematera bultzatzen nauena. Neska naizen aldetik, ez zait hori leku askotan gertatzen, bakarrik ibiltzeak askotan duelako haren baitan beldurra eta segurtasun ezaren zama.
Gure hondartzetariko batera heltzean, eskailerak jaitsi aurretik, ondo begiratzen dut non dagoen toplessa egiten ari den emakumeren bat. Behin bat ikusita, haren inguruan beste bat edo bi ikusten ditut ia beti, gehiago ez badira. Eta horrela, saldo txikiak begiztatzen noa hondar guztitik, ezezagunek sortutako taldeak.
Titiak erakustea hautu politikoa da, ez dezagun ahaztu. Oraindik egon badaudelako horren kontra daudenak, objektualizatzen gaituztenak eta bularrak ezabatu nahi dituztenak
Haietako bat aukeratu ondoren, gerturatu eta eskuoihala alboan jartzen dut. Kitto. Kide bilakatzen naiz inori galdetu edo baimena eskatu gabe. Sostengu bat sortzen da bat-batean, hurkoa. Sexuan bezala, geroz eta arropa gutxiago, geroz eta konplizitate maila altuagoa dagoela dirudi. Babesten zaituen ingurua duzu alboan, inoiz ikusi ez dituzun emakumeek sortua. Ahaldunduta eta lasai, musika entzun, irakurri, buruz gora etzan edo altxatu egiten zara, aldamenean egon daitezkeen egoera deserosoei jaramonik egin barik.
Hala ere, behin baino gehiagotan gertatu izan zaizkit azken horiek, proposamen desatseginak, begirada lizunak edo txistu gogaikarriak. Emakume izate soilagatik bizitzen ditugunak. Baina inguruak eutsi egin nauela sentitu dut, eta bularrak berriro ere des-estaltzea erabaki dut hurrengo egunean.
Sentitzen dut ez naizela honetaz jabetu den neska bakarra. Sexualizaziotik ihesean toplessa egiten dugunon parte-hartzea areagotu egin dela uste dut eta titi biluziek sortzen duten eraginean sinesten dut, titien konplizitatean, emakumeon ahizpatasunean.
Berdin dio gusturago zaudelako, beltzaran jartzean geratzen diren markak gorroto dituzulako edo ahal eta nahi duzulako egiten baduzu: titiak erakustea hautu politikoa da, ez dezagun ahaztu. Oraindik egon badaudelako horren kontra daudenak, objektualizatzen gaituztenak eta bularrak ezabatu nahi dituztenak. Baina pixkanaka saldo biluzi horiek are arruntagoak dira eta pixkanaka beste espazio publiko bat bereganatzen goaz, udaz uda gure bularren izate eskubidea bermatzen dugun bitartean.
Karmele Ugalde Arcenillas