Titanic itsasontzia ikustera joan ziren turistek itsasoan galduta jarraitzen dute. AEBek eta Kanadak sekulako operazioa jarri dute martxan haiek erreskatatzeko. Greziako uretan, ordea, gutxienez 80 errefuxiatu topatu dituzte hilda, eta gutxienez 500ek jarraitzen dute desagertuta.
Titanic ikustera joan diren bost turisten itsaspekoak eta Greziako uretan 700 errefuxiaturekin hondoratu den itsasontziak erakutsi dute batzuen eta besteen "balioa". Turisten erreskaterako hegazkinak, barkuak, hornikuntza bereziak, eta abar erabili dituzte, AEBek eta Kanadak modu koordinatuan jarri dute martxan operazioa. Kontrara, Greziako uretan hondoratutako barkuaren kasuan, egoera bestelakoa da: 10:00etan eman zuten egoera larriaren berri eta gaueko 01:40 inguruan hasi ziren erreskate taldeak mugitzen.
Kostazainen jarrera ere ez da inolaz ere berdina. AEBetako kostazainak, John Maugerrek, turistak aurkitzea eta erreskatatzea “helburu nagusia” dela adierazi du. Aldiz, Greziako kostazainen esku-hartzea kolokan jarri du ikerketa batek. Kostazain zerbitzuaren esanetan, errefuxiatuak itsasontzian egon diren bitartean ez zuten arriskurik, eta beraiek eskainitako laguntza ukatu zuten. Nawal Soufi aktibista ontziko migratzaileekin kontaktuan egon zen, eta Italiari, Greziari eta Maltari egoera kritikoaren berri eman ziela azaldu du.