argia.eus
INPRIMATU
Tiroz hil dute Venezuelako oposizioko burua espetxeratu zuen epailea
  • Nelson Moncada epailea bere etxe parean hil zuten joan den asteazkenean Caracasen Venezuelako eskuin muturreko oposizioko protestariek. “Epaia zigorra bada, zuk beldur handiagoa izango duzu irakurtzeko nik entzuteko baino” mehatxu egin zion Lopezek berak, zigortu zuen epaileari.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 06a

Azken hilabeteetako protestek beste heriotza bat gehiago eragin zuten pasa den asteazkenean. Nelson Moncada epailearen etxe parean beren-beregi jarritako barrikada edo guarimbetan zain zeuden hiltzaileak, eta ihes egiten saiatzen ari zela tirokatu zuten.

Moncada epaile ezaguna zen, besteak beste, Leopoldo Lopezi hamahiru urteko kondenaren berrespena emateagatik. Lopez 2014an 43 hildako eragin zituen protesten buru izan zen, eta liskar horien erantzulea zela ebatzi zuten epaileek, hainbat kargurekin.

Egun Venezuelak bizi duen biolentzia egoeran, Lopez ikur bilakatu du eskuineko oposizioak eta epailearen hilketarekin harreman zuzena duela salatu du gobernu bolibartarrak. Azken bi hilabeteetan izandako protestetan 50 hildako eta 1.000 zauritutik gora egon dira eta kalte ugari jabetza publiko zein pribatuetan.

Azken hildakoa Orlando Figuera 22 urteko gaztea izan da. Hainbat manifestarik jipoitu, labankadaz josi eta bizirik su eman ostean, bihotzekoak jota hil zen astelehenean.