Pertsona batek 49 lagun hil zituen Orlandon iragan astelehenean, atentatua LGTB komunitatearen aurkakoa izan da. Kitzikaneko kide honek kalera ateratzera animatu nahi du gizarte osoa, identitate, jarrera eta desira aniztasuna bultzatzeko.
Odola isurtzearekin batera zainak beldurrez bete zaizkigu, ikara tapoi batek gure bihotza ez etetea espero dugu, zinez. Identitatea, izaera eta gure esentzia ukatzen zaigu etengabe eta bat-batean amorru eta gorroto itsuak eztanda egiten du eta zipriztinak mundu guztian barna zabaldu dira. Urduritasunak korapilo bat sortzen dit estomakan eta intentsitate txikiko dar-dar batek hartu dit gorputza. Ezin dugu honen aurrean hasperen besterik ez egin. Balak kaskezurrak zulatu dituzte eta lumek balore ustelak erail. Eta bat-batean ezinegona hitzetara bideratzea erabaki dut. Zartakoka tratatzen gaituztenek ez dute erantzun eztirik jaso behar. Ukabilak tinko ditugu eta kontrajartzen zaigun edonor kolpatzeko prest ere bai. Ez dugu inoiz ere gehiago burua makurtuko.
Zoritxarrez, ilargira ailegatu diren herrietan jazotako heriotzen berri baino ez dugu izaten, egoera gordin eta krudelenak ia ikusezinak zaizkigun herrialdeetan jazotzen direlarik. Oroitu ditzagun Nigerian zintzilikatutakoak, Saudi Arabian desagertutakoak, Ugandan kartzelan usteldutakoak... Horiek ez dute inongo egunkariren portadarik betetzen, itzalpean gelditzera kondenatu ditugu. Hipokresia honetan erori behar izaten dugu maiz, zentroko herrialdeetako hilak kontatzen ditugulako soilik eta badirudi gainera periferian isuritako odol ibai batek eta zentroko tanta batek tinta gastu bera suposatzen dietela komunikabideei. Baina gure kide mendebaldarren hilketak erdigunean jarri du homofobiaren arazoa.
Izebergaren muturraren ikusleak besterik ez gara. Etsaia gure artean –eta gure baitan– errotua dago eta pozoia ur baso garden batean bezala hedatzen da. #MatarGaysNoEsDelito traolean honako “harribitxiak” aurki ditzakegu: #MatarGaysNoEsDelito, es un placer edota es hacer honor a la patria. Sinestezina, tragikoa, nazkagarria, faxista, lotsagarria... Hainbat adjektibo erabil genitzake horrelakoak baloratzeko. Gizabanako hauekin pedagogia erabili behar dugula esaten digutenean egiazki kostagarria egiten da konponbide biolentoak martxan jarri nahi ez izatea. Pazientziari atxiki beharko dizkiogu gure buruak, momentuz bada ere bederen.
Bestela, ekainaren 18a bueltan dugula probestuz, eraso hau eta isildutako beste milioika erasoak bultzada bezala hartuta, kalera ateratzera animatu behar dugu gizarte osoa identitate, jarrera eta desira aniztasuna bultzatzeko eta ikustarazteko. Biziaren aurka egiten dutenei aurre egitea kitzika eta plazer osoa zaigulako.
Mahats Lantz Solbes.
Kitzikaneko kidea