argia.eus
INPRIMATU
Tipulazkaiak

Jakoba Errekondo 2022ko urtarrilaren 05

Negua gozatuko diguten itxaropenarekin etxean uzta jasotzen dugun guztioi gertatu zaigu. Txokoren batean patata bat (Solanum tuberosum), baratxuri buru bat (Allium sativum), sagar bat (Malus domestica), mizpira bat (Mespilus germanica), hurren bat (Corylus avellana), artabururen bat (Zea mays), tipula bat (Allium cepa), intxaurren bat (Juglans regia), gaztaina aleren bat (Castanea sativa) galdu da eta halako batean topatzen duzu. Fruituak ustelduta, elkortuta, zaharminduta edo hustuta. Baina landareen erreserbak direnak, patata, baratxuria eta tipula kasu, landare berri bat emateko ahalegin guztian, erreserba horiek mugitu eta kimu berri bat edo batzuk luzatzen ari dira.

Izan ere, eguna luzatzen ari da. Hori du ona neguak. Neguan sartu orduko gaua mozten eta eguna luzatzen ari dira. Sasoi berria hemen da. Landare batzuek neguan bertan egingo dute hazi-loratu ziklo osoa, beste batzuek udara edo udazkenera arte luzatuko dute.

Eguna luzatzea sasoi berriari ekiteko seinalea da. Denboraren kontrolerako seinalea da. Jaso dugun landare erreserba horrek beste landare bat eman nahi izatea eta horretarako ernamuina mugitu eta kimu bat ematea denbora kontua da. Lehenxeago edo geroxeago gertatuko da. Ernamuindu, zildu, muskildu, erne, ernatu, morrondu, zila edo ziria edo morroa garatu. 

Tipula adibide hartuta, jaso genuenean loditutako hostoen oinalde mamitsua zen erraboila. Gogorra eta bete-betea, energiaz betea. Orain kanpoko hostoak erabat lehortuta, paper itxurakoak izango dira, eta borobil gogorra zen burua hustu eta uzkurtu da; energia hori landare berri bat sortzera bideratu du, kimu berri bat. Ez dago jateko moduan, kimutxo hori ez bada, eta hobe genuke kimu horri bidea eman: landatu eta tipula berri bat sortu, gero haren burua jateko. Ekin ba.

Tipula hori, guk bildu eta jaso gabe lurrean geratu balitz, tipula asko bihurtuko litzateke. Tipula berri horien kimuak daude buruaren barruan. Horiek banatu eta landatzea da onena, horrela elkarren gainean daudenen artekoen janaria harrapatzeko borrokarik gabe, bakoitza bere tartearekin hobeto eta ederrago haziko dira. Kimuek azpian duten erraboilatxoa lurrean sartu, lur harroan. Hotza ederki eramaten du tipulak eta bi edo hiru hilabeteko tartean jateko modukoak izango dira hustu eta uzkurtutako erraboila haren ordezkoak. Hazgai diren horiei tipulazkai esaten zaie. Bestela, galdetu Altzon, han omen dago tipulen eskola.