Joan den larunbatean aurkeztu zuten Iruñeko Mendillorri auzoan, han bizi diren egoera sozial eta ekonomiko zailei aurre egiteko, “umilek boteretsuen aurka borroka egin ahal izateko”.
Duela hamarkada batzuk langile klasearen arteko antolaketa kontzentrazio gune handietan ematen zela azaldu zuten, adibidez lantegietan, baina egoera aldatu dela eta antolaketa moldeak ere bai. Horregatik, dagoeneko beste hainbat tokitan egiten ari den gisan, “ondorioztatu dugu auzoa dela une honetan funtsezko subjektua eta eraldaketa berri hori gertatu behar den lekua”.
Une honetan, gizarte harremanak auzoan dituztela diote, lagun taldeetatik familiaraino, eta uste dute horrek funtsezko baldintzak ematen dizkiola auzoari, “90eko hamarkadaz geroztik krisi handia jasaten ari den langileria-borroka hori berriro eraikitzeko. Lan-prekarietateak lantokiz aldatzea dakar denbora gutxian eta, ondorioz, eragile klasikoak, sindikatu burokratikoak adibidez, ez dira existitzen agertoki horietako askotan, eta, gainera, kasu askotan ezinezkoa da horietan antolatzea”.
Auzoko lankideak defendatzeko behar diren tresnak erabiliko dituztela diote, eta “behetik gora ikusten ditugun behar guztietara iristen" saiatuko direla, auzoari kontzientzia kolektiboa ematen lagunduz: “Hasieratik erakundeen nahia Mendillorri familia langileentzako logela-auzo bihurtzea izan bada, jakin dezatela aktore berri bat jaio dela hemen, beste askok lehen egin zuten bezala, beti izan duten desio hori errealitate bihur ez dadin”. Mendillorrikoa jarriko duten lehen harria dela zehaztu dute.