argia.eus
INPRIMATU
Tinko, 20 urte zinema euskaraz eskaintzen
  • Euskal Herriko haurrek hemen estreinatzen diren filmak euskaraz ikusteko aukera izan dezaten, 20 urte lanean daramatza Tinko Euskara Elkarteak. Ibilbide horretan, euskarara bizkoiztutako ia 100 pelikula banatu eta 5.000 emanaldi eskaini dituzte, EAEko 40 herritako zine-aretoetan. 750.000 haurrek gozatu dute film horiez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko urriaren 13a
'Yugo & Lala' film txinatarra euskaraz emango dute urriaren 25ean.

Hala ere, hasierako helburua oraindik ez dela bete aitortu du Marian Galarraga elkartearen sortzaileak: "Euskal Herrian gaude eta gure hizkuntza euskara da; horregatik bakarrik zinema euskaraz ikusteko aukera izan beharko genuke. Baina errealitatea bestelakoa da; oraindik, euskararen presentzia zineman oso eskasa da, zoritxarrez".

Horri aurre egiteko, filmak euskarara bikoizten jarraituko du Tinkok, gero aretoetan emateko, edo eskola-orduetan, material didaktikoz lagunduta.

Urteurrena ospakizun

20 urte egin dituztela ospatzeko, ekitaldia antolatu dute urriaren 15ean. Horrez gain, hainbat berrikuntza dituzte martxan, besteak beste webgune berria izango dute 2015eko urtarriletik aurrera (DVDak erosi ahal izango dira bertatik, ikastetxeek Tinkoren programazioa ikusi ahal izango dute...) eta Yugo & Lala animaziozko film txinatarra euskaraz proiektatuko dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Hala, maila horretako animazio baten estreinaldi europarra euskaraz egiten den lehen aldia izango da.