argia.eus
INPRIMATU
TikTok, X eta Instagrameko algoritmoek eskuin muturreko edukiak nabarmen hedatzen dituztela frogatu dute
  • Ikerketa bat egin dute Alemanian, hauteskundeen atarian: kontuak sortu dituzte TikToken, X-n eta Instagramen, eta aztertu egin dute algoritmoak zer nolako edukiak erakusten dituen. Guztietan, algoritmoak eskuinera eta eskuin muturrera jotzen du gehien, TikToken nabarmen.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko otsailaren 25
Elon Muskek parte hartu zuen Alemaniako eskuin muturreko AfDren mitin batean.

Sare sozial toxikoetan ibiltzen diren herritarrek gero eta maizago usaintzen bazuten, inork zalantzarik egiten bazuen, frogatutzat eman dezakegu: TikToken, X-ren eta Instagramen algoritmoek eskuin muturraren mezuak hedatzen dituzte nabarmen. Hala konfirmatu du Global Witness-en ikerketa batek. Alemanian egin dute azterlana, otsailaren 23ko hauteskunde orokorren atarian, zeinetan eskuin muturrak bikoiztu egin dituen aurreko hauteskundetako emaitzak.

Aipaturiko hiru sare sozial toxiko horietan profil berriak ireki ditu Global Witness Gobernuz Kanpoko Erakundeak, eta For You edo Zuretzat atalak ikertu. Atal horietan, erabiltzaileak jarraitzen dituen eta jarraitzen ez dituen beste erabiltzaile batzuen mezuak ageri ohi dira, norberari berea, algoritmoaren arabera.

Baina ausazkoa dirudiena, algoritmoa, ondo neurtua da. Eskuin eta ezker dikotomietan hitz eginda, azterlanak frogatutzat eman du gutxienez bi aldiz gehiago erakusten direla eskuin ildoko edukiak ezkerrarekin alderatuta. TikToken kasuan, profil sortu berriari algoritmoak erakusten dion eduki politikoaren %74 eskuinekoa edo eskuin muturrekoa da. Zertxobait gutxiago X-n: %72. Atzeragotik jarraitzen dio Instagramek, baina ez da erdi eta erdi izatera iristen: %60.

Esplizituago, eskuin muturreko AfDren boto bila

Ez kasualitatez, Global Witness GKEak Alemanian egin du azterlana hauteskunde orokorren atarian. Eskuin muturreko AfDk botoen %10 jaso zituen duela lau urte, eta bikoiztu egin ditu emaitzak orain, %20,7. Egoera sozioekonomikoak eragin du nagusiki, baina ultraeskuinak aliatu izan ditu sare sozialak, eta horixe bistaratzen du azterlan honek. Ez da gertakari isolatua X sare sozialaren jabe Elon Muskek ultraeskuineko AfDren kanpainan parte hartu izana.

Hiruna profil sortu ditu Global Witnessek aipaturiko hiru sare sozialetan. Profil guztiek jarraitu dituzten erabiltzaile bakarrak Alemaniako lau alderdi politiko handiak izan dira: CDU demokristau kontserbadoreak, SPD sozialdemokratak, AfD eskuin muturra eta Berdeak. Bakoitzeko liderraren kontuak ere jarraitu dituzte. Orotara, hortaz, profil bakoitzak zortzi erabiltzaile jarraitu ditu. Ikertzaileek, gainera, algoritmoa "ahalik eta neutralen" mantentzeko, agertzen zitzaizkien argitalpenak ikusi egiten zituzten; izan ere, demagun, mota bateko bideo bat minutu batez ikustea eta beste mota batekoa segundo batez ere ez ikustea, algoritmoari esatea da lehenbiziko bideoko edukia interesatzen zaizula eta bigarrenekoa ez.

Emaitza argigarriak utzi ditu azterlanak. TikToken, proposatu den eduki politikoaren %78 zuzen-zuzenean AfDren alderdiaren lerrokoa izan da, izan haien mitinetakoa, edo izan immigrazioaz kexatu eta amaieran AfDrentzat botoa eskatzen zuena. X-n, bestalde, apalago: algoritmoak proposatutako edukien %64k eskatzen zuen AfDrentzat botoa.

Txostenaren egileen arabera, algoritmoak erabat inpartzialak izatea ez ezik, gainontzeko alderdiekiko "diskriminatzailea" ere badela uste du GKEak: Alemaniako boto-emaileen %20k bozkatu du AfDren alde –orain arte %10 zena–, eta edukien ia hamarretik zortzi haien ildokoak izan dira.

Alemania ez da bakarra

Global Witnessek oroitu du Alemanian gertaturikoa ez dela salbuespena, baizik eta adibide bat gehiago baino. Izan ere, duela gutxi beste hiru ikerketa egin dituzte, AEBetan, Irlandan eta Errumanian, eta guztietan bat etortzen dira ondorioak. 

Are gehiago, panorama indartu egin da Elon Muskek X sarea erosi zuenetik, baina txostenaren egileek demostratu zuten lehendik ere eskuineko eduki gehiago hedatzen zituela algoritmoak ezkerrekoak baino.