argia.eus
INPRIMATU
TikTok nagusi Bigarren Hezkuntzan, unibertsitatean Instagram
  • Hego Euskal Herrian gazteek ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eta Informazio eta Komunikazio teknologiak erabiltzeko dituzten ohiturak jaso dituzte Ikusikerrek egindako ikerketan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Unibertsitateko 4.000 ikaslek erantzundako galdeketa du oinarri.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 22a
Gazteak mugikorrekin. Argazkia: EITB.

Gazteen artean gehien erabiltzen diren sareak WhatsApp eta Instagram dira, ikasleen %82,8 eta %81,4k jotzen du hauetara hurrenez hurren, eta ondoren TikTok eta Youtube, %62,5 eta %43,7. Ondorengoa Twitter da, baina gazteen %13,3k soilik erabiltzen dute.

Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategia da eta bere ikerketak Sare Sozialak zein funtziorako erabiltzen dituzten ere aztertu du: Instagram gehienbat denbora pasatzeko eta lagunekin harremanetan egoteko erabiltzen dute. Youtuben bilatzen den gai nagusiena musika da, eta baita youtuberrak ere.

Sare Sozial hauek erderaz kontsumitzen dituzte gazteek: batez ere gazteleraz (%77,8) eta ingelesez (%15,2); euskaraz %2,4 baino ez.

DBH eta Unibertsitateko ikasleen arteko aldeak

Ikerketak bi adin tarte bereizi ditu: 11-17 urtekoak (DBH) eta 18-23 (Unibertsitatea). TikTok Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean Unibertsitateko ikasleetan baino gehiago erabiltzen da: galdeketa erantzun dutenen %81,6-k kontua dute eta Unibertsitatekoen %66,1-ek.

Podcastetan kontrakoa gertatzen da. Unibertsitate ikasleek Bigarren Hezkuntzakoek baino gehiago entzuten dituzte: %59,9-k hain zuzen. DBHko ikasleen %36,2-k entzuten dituzte.

Streaming plataformak ere asko erabiltzen dira: Netflix da erabiliena (%77,3) eta ondoren datoz Amazon Prime Video (%60,9), Disney+ (%39,1), Movistar + (31,7) eta HBO (29,3). Maiz erabiltzen dituzte, astean 2-5 aldiz edo gehiagotan. Gaztelaniaz ikusten dituzte eduki gehienak, neurri txikiagoan ingelesez, eta euskarak oso presentzia txikia du, %0,3 bakarrik.

Ikusiker zein eragilek osatzen dute?

Ikerketa honetarako Hego Euskal Herriko DBH eta Unibertsitateko ikasleen artean 4.065 galdeketa egin dituen Ikusiker eragile hauek osatzen dute: NOR Ikerketa Taldea, EITB, Tabakalera eta Kulturaren Euskal Behatokiak.