argia.eus
INPRIMATU
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan
  • TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 19a

Arlo teknologia da munduko hegemoniaren lehia irabazteko esparru nagusietako bat, eta AEBetan hori oso presente dute azken urteotan. Eremu guztietan Txinaren interesen aurkako borroka martxan dute, eta bide horretan TikTok ere jarri dute jo-puntuan.

Gehiengo zabal batek onartu du neurria, aldeko 352 boto eta kontrako 65rekin. Ekimenak Senatuaren oniritzia lortzen badu eta geroago Joe Biden presidenteak bere eginez gero, Txinako enpresak AEBetako erosle bat aurkitu beharko du herrialdean lanean jarraitu nahiko balu.

The Wall Street Journal egunkariak azaldu duenez, Txinako Gobernua ez dago ados Washingtonek bultzatutako neurriarekin. Pekinek, egunkariak kontsultatutako iturrien arabera, ez du onartuko TikTok bortxaz saltzea. Proiektua azkenean lege bihurtzen bada, Asiako erraldoiak debeku bat nahiago luke, sare soziala AEBetako teknologiko baten eskuetan amaitu baino lehen.

Debekuaren itzala

AEBetako merkatua galtzeak ByteDance-rentzat kolpe ekonomiko handia izango litzateke. Iaz 20.000 milioi dolar irabazi zituen enpresa AEBetan. Statista webguneak emandako datuen arabera, TikTok (Douyin izeneko aplikazioaren bertsio txinatarra alde batera utzita) erabiltzaile gehien duen munduko estatua AEBak direla. 148 milioi erabiltzaile hain zuzen ere, ondoren Indonesia dago 126 milioirekin eta Brasil 98 milioirekin.

Hala ere, egoera ikusita enpresaburu batzuk mugitzen hasi dira sare soziala bereganatzen saiatzeko. AEBetako hedabideek ondorengo biak azpimarratu dituzte nagusiki: Steven Mnuchin bankaria, Donald Trumpen administrazioan Altxorraren idazkari izandakoa eta Bobby Kotick Activision Blizzardeko CEO ohia. Baina, zenbat balio du TikTok-ek? Dan Ives analistaren arabera, 100.000 milioi dolarretik gorakoa litzateke.