argia.eus
INPRIMATU
Thomas Sankararen hilketagatik zigortu dute Blaise Campaoré Burkina Fasoko presidente ohia
  • 1987ko estatu-kolpean Thomas Sankara buruzagi iraultzailearen hilketan parte hartzeagatik biziarteko kartzela zigorra ezarri diote 2014ra arte Burkina Fasoko presidente izandako Blaise Campaoréri. Boli Kostan dago egun, ihes eginda.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 06a
Thomas Sankara

Joan den urteko urrian hasi zen Sankararen hilketa argitzeko epaiketa, Uagaduguko epaitegi militarrean. Herrialdeko egoera politiko gorabeheratsua dela-eta eten egin behar izan zuten, baina azkenean berrartu eta epaia eman berri dute. Blaise Campaoré Burkina Fasoko presidente ohia eta beste hamar lagun zigortu dituzte hilketagatik.

Compaoré ez da epaiketan presente egon. Sankararen burkidea izan zen, bera izan zen 1984an estatu kolpea eman zuen militarretako bat, eta espetxean zegoen Sankara askatu eta lehendakari izendatu zuen. Sankara boteretik kendu eta hil zuen 1987ko estatu kolpearen ostean, ordea, berak hartu zuen herrialdearen lehendakaritza 27 urtez, eta tarte horretan ez zen gertatutakoaren inguruko inongo ikerketarik abiatu. Egun Boli Kostan bizi da Campaoré, eta hilketarekin zerikusirik izan zuenik ukatu du beti. Hyacinthe Kafando ere ez da Uagaduguko epaitegian egon. Sankara hil zuen komandoaren burua izatea leporatzen zioten Kafandori. Ihesean dago egun.

Gainontzeko hamabi akusatuak presente egon dira. Horien artean dago Gilbert Diendéré, 1987ko estatu kolpean armadako buru nagusietakoa izan zena. Dienderé dagoeneko 20 urteko espetxe zigorra ari da betetzen 2015eko estatu kolpe saiakera batengatik. Hilketetan konplizitatea, gorpuak ezkutatzea eta “estatuaren segurtasunaren aurkako atentatua” leporatu diete akusatu guztiei.

Campaoré, Kafando eta Dienderéri biziarteko kartzela zigorra ezarri die epaileak, prokuradorearen eskaera txikiagoa bazen ere. Beste zortzi laguni hiru eta hogei urte arteko zigorrak ezarri dizkie, eta epaitzen ari ziren hiru, aldiz, kargugabetu ditu.

Mendebaldeko potentzien ardura

1987an bezala egun ere Sankararen hilketan atzerriko herrialdeek –bereziki Frantziako Estatuak– parte hartu zutela salatu dute Sankararen aldekoek. “Estatu kolpearen alde materiala Burkina Fason gertatu zen, baina sustatzaileak kanpotarrak dira”, adierazi zuen Sankararen bikote ohi Halouna Traorek epaiketaren lehen egunean. Hain zuzen ere, inplikatuta egotearen susmopean dauden herrialdeek –Frantzia, Togo, Boli Kosta, Liberia, Libia eta AEBak– izandako papera ez da argitara atera epaiketa aurretik Justizia Sankararentzat Justizia Afrikarentzat nazioarteko sareak ohartarazi bezala.

Antikolonialismo iraultzailearen ikur

Thomas Sankara eta bere hamabi kide 1987an hil zituen komando militar batek. 37 urte zituen eta Burkina Fason, Afrikan zein munduko ezkertiarren artean sona handia zuen. Militar gazteen Officiers Communistes talde iraultzailearen partaide izan zen. 80ko hamarkadan gobernu ardurak izan zituen, baina espetxeratu egin zuten. 1984ko estatu kolpearen ostean lehendakari izendatu zuten, eta 1987an hil zuten arte diskurtso erradikalak egiteaz gain eraldaketa sakonak sustatu zituen Burkina Fasoko kulturan, emakumeen aldeko politiketan edo arlo ekonomikoan. ARGIAren 2007ko erreportajeak eta Eguzki Bideoak argitaratutako dokumentalak Sankararen lana eta historia sakonkiago ezagutzeko aukera ematen dute.