argia.eus
INPRIMATU
Thomas Sankara Afrikako erreferente antikolonialistaren heriotzagatiko epaiketa hasi da 35 urteren ondoren
  • Burkina Fasoko lehendakaria zena 1987an hil zuten estatu kolpe batean. “Estatu kolpearen alde materiala Burkina Fason gertatu zen, baina sustatzaileak kanpotarrak dira”, adierazi du Sankararen bikote ohi Halouna Traorék. Kolonialismoaren aurka eta iraultzaren alde mintzatu zen, eta erreforma ugari egin zituen bere agintaldian.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko urriaren 12a
Argazkia: revistacrisis.com

Astelehenean hasi da epaiketa Burkina Fasoko hiriburu Uagadugun, epaitegi militar batean. Defentsen eskaerei erantzunez, hasitako egun berean eten eta urriaren 25ean berrartuko dira saioak, abokatuek kasuaren espedientea aztertzeko denbora gehiago izan dezaten. Batetik, epaiketa egitea bera lorpen bat da Sankararen hilketa argitzea nahi dutenentzat. Bestetik, ez da erraza izango gertatutakoak eta erantzukizunak argitzea edo erantzuleak zigortzea.

Akusatu nagusietako bi ez dira epaiketan izango. Blaise Compaore da horietako bat. Compaore Sankararen borrokakidea izan zen, 1984an estatu kolpea eman zuen militar gehiagorekin batera, eta espetxean zegoen Sankara askatu eta lehendakari izendatu zuen. 1987ko estatu kolpearen ostean, ordea, berak hartu zuen herrialdearen lehendakaritza 27 urtez, eta tarte horretan ez zen inongo ikerketarik abiatu. Egun Boli Kostan bizi da, eta hilketarekin zerikusirik izatea ukatu du beti. Hyacinthe Kafando ere falta da Uagaduguko epaitegian. Sankara hil zuen komandoaren burua izatea leporatzen zaio Kafandori. Ihesean dago egun.

Gainontzeko hamabi akusatuak presente daude epaitegian. Horien artean dago Gilbert Diendéré, 1987ko estatu kolpean armadako buru nagusietakoa izan zena. Dienderé 20 urteko espetxe zigorra ari da betetzen 2015eko estatu kolpe saiakera batengatik. Hilketetan konplizitatea, gorpuak ezkutatzea eta “estatuaren segurtasunaren aurkako atentatua” leporatzen zaie akusatu guztiei.

Mendebaldeko potentzien ardura

1987an bezala egun ere Sankararen hilketan atzerriko herrialdeek –bereziki Frantziako Estatuak– parte hartu zutela salatu dute Sankararen aldekoek. “Estatu kolpearen alde materiala Burkina Fason gertatu zen, baina sustatzaileak kanpotarrak dira”, adierazi du Sankararen bikote ohi Halouna Traorek eapiketaren egunean. Justizia Sankararentzat Justizia Afrikarentzat nazioarteko sareak poza adierazi du epaiketaren hasieragatik, baina kezka atzerriko herrialdeen parte-hartzea ikertu gabe geratu daitekeelako. “Kasuaren nazioarteko zatiaren jarraipena egiteaz arduratzen den epaile berriari eskatzen diogu instrukzioa azkeneraino jarrai dezala. Zehazkiago, Frantziari eska diezaiola defentsa-sekretu gisa sailkatutako dokumentuak eman ditzala, eta inplikatuta egotearen susmopean dauden herrialdeei ikerketan kolaboratzea”. Frantzia, Togo, Boli Kosta, Liberia, Libia eta AEBak dira herrialde horiek.

Antikolonialismo iraultzailearen ikur

Thomas Sankara eta bere hamabi kide 1987an hil zituen komando militar batek. 37 urte zituen eta Burkina Fason, Afrikan zein munduko ezkertiarren artean sona handia zuen. Militar gazteen Officiers Communistes talde iraultzailearen partaide izan zen. 80ko hamarkadan gobernu ardurak izan zituen, baina espetxeratu egin zuten. 1984ko estatu kolpearen ostean lehendakari izendatu zuten, eta 1987an hil zuten arte diskurtso erradikalak egiteaz gain eraldaketa sakonak sustatu zituen Burkina Fasoko kulturan, emakumeen aldeko politiketan edo arlo ekonomikoan. ARGIAren 2007ko erreportajeak eta Eguzki Bideoak argitaratutako dokumentalak Sankararen lana eta historia sakonkiago ezagutzeko aukera ematen dute.