argia.eus
INPRIMATU
Thomas Pikettyk Podemosen programa ekonomikoa egiten lagunduko du
  • Thomas Piketty ekonomialari frantses ezaguna Podemosen ekonomia aholkularien taldean izango da Espainiako hauteskunde orokorretan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko irailaren 08a
Pablo Iglesias eta Thomas Piketty hizketan. (Arg.: El Diario) Pablo Iglesias eta Thomas Piketty hizketan. (Arg.: El Diario)

Beste hainbat ekonomialari ere izango dira taldean eta haien zeregina Podemoseko programa ekonomikoa egiten laguntzea izango da. Nacho Alvarezek koordinatzen du taldea eta, besteak beste, honakoak dira ezagunenak: Juan Torres, Vicenç Navarro, Bibiana Medialdea eta María Pazos.

Piketty gaur egun mundu mailan ekonomialari ospetsuenen artean da, batez ere Kapitala XXI. mendean liburu ospetsua idatzi zuenetik. Liburu honetan XX. mendean herritarren artean ematen den desberdintasun ekonomikoa aztertzen du Pikettyk eta horretarako AEBetako eta Europako ekonomien garapenean oinarritzen da.

Kapitalaren errentak ekonomia baino azkarrago hazten direla da bere tesi nagusia. Beraz, bi zutabeen garapena bere horretan utziz gero, kapitalaren errentak beti joango direla ekonomiaren hazkundearen aurretik, eta hala, desberdintasunak etengabe handituko direla. Horregatik, kapital eta ondasunen errentei zerga bereziak jarri behar zaizkiela defenditzen du.

Piketty proposamen ugari ari da aurkezten azken urteetan. Hauek dira oinarrizko horietako bost, El Diario egunkariak laburbildu duenez:

  1. Zerga handiagoak aberastasunari. Europar Batasun osoan sozietate zerga berdina izatea.  Frantzia eta Alemania hasi beharko lirateke lehenik bide horretan. Kapitalaren errentak egiazko ekonomia baino gehiago hazten badira, desberdintasunak ere hazten jarraituko dute. Honi aurre egiteko, ondasunei eta herentziei zerga bereziak jarri behar zaizkie.
  2. Austeritate politikarik ez. Bere ustez, ekonomiaren hazkundea aurrerantzean ez ohi da pasatuko %3tik eta urteko %1- %1,5aren bueltan izango dira. Goi mailako hezkuntzan, berrikuntzan eta ingurumenean inbertitzea funtsezkoa da.
  3. Europako instituzioen erreforma. Txanpon bakarra eta 18 zor publiko desberdin izatea ez da bideragarria; merkatuak guztiz libre espekulatu ahal izango dute 18 sistema fiskal horiekin.
  4. Europako zorraren mutualizazioa. Europar Batasuneko herrialdeen fondo bateratu bat sortzea. Herrialde bakoitzak bere kontuak izango lituzke eta, beraz, bere zorrak; baina, aldi berean, interes tipo bateratua izango lukete eta Europako Banku Zentrala eraginkorragoa litzateke.
  5. Lan hitzarmen bakar bat. Behin-behinekotasunari aurre egiteko era bat izan liteke mugagabeko kontratu bakar bat izatea. Bere ustez, babes handiko sistemek langile gutxi batzuk babesten ditu eta gazteenak zahar izango direnean bakarrik lortuko dituzte babes maila horiek. Oreka bat bilatzea litzateke kontua, zabor lan hitzarmenei aurre egin ahal izateko.