argia.eus
INPRIMATU
Thomas Piketty, Errusiaren aurkako zigor ekonomikoez: “Oligarkak jarri beharko lirateke jomugan”
  • Le Capital au XXIe siècle (Kapitala XXI. mendean) liburuarengatik mundu osoan ezagun egin zen Thomas Piketty ekonomialariari elkarrizketa egin dio Le Nouvel Observateur astekari frantziarrak. Ukraina inbaditzeagatik Errusiari ezarritako santzio ekonomikoak eraginkorragoak izan zitezkeela uste du.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 02a
Thomas Piketty 2014an, Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean.

Pikettyren arabera, Errusia Swift saretik kanpo uzteak balio dezake herrialdea ekonomikoki "itotzeko", baina "jomuga okerreko" neurritzat hartu du.

Ekonomialariaren arabera, neurri horrek banku errusiarrak kaltetuko ditu, baina baita enpresak eta familiak ere, tartean Mendebaldekoak, Errusiarekin merkataritza-harremanak baldin badituzte.

"Kontrara, Putinen boterearengana iritsi behar da, zehazki 1999tik erregimen horretaz baliatu den oligarka aberatsenen klaseko talde txikia", adierazi du. Azken horiek, Pikettyren ustez, Swift sarea erabili gabe funtzionatzen jarrai dezakete beste bitartekari finantzario batzuk erabiliz.

Errusia ekonomikoki horrela estutzeak hango herritarrak Putinen aurka altxarazi ote ditzakeen galdetuta, Pikettyk gogora ekarri du 2014an Krimeako anexioaren ondotik ezarritako santzioekin gertatutakoa: "Botereak [Putinen gobernuak] instrumentalizatu egin zituen bere alde".

Ekonomialari frantziar honek aspaldidanik defendatu izan du zerga-iruzurrari aurre egiteko nazioarteko katastro finantzario bat beharko litzatekeela. Horrek ahalbidetuko luke jakitea nor zeren jabe den Europan eta AEBetan. Bere ustez, joan den astetik abian den gerrari aurre egiteko ere baliagarria litzateke, Errusiaren kontrako zigor finantzario eraginkorragoak ezartzeko aukera emango lukeelako.