argia.eus
INPRIMATU
Thomas Erguy (Biharko Laborantzaren Elkartea): “Transgenikoen ordez, agronomia!”
  • 2007tik 2011ra bitartean Akitanian egindako esperimentu batek erakuts dezake laborantzan bateraezinak direla elkarren ondoan lantzea batetik berezko landareak eta bestetik genetikoki eraldatutakoak (OGM). Ikerlan hori burutua du INRA (Institut National de la Recherche Agronomique) erakunde ofizialak, Réseau de Semences Paysannes, Agro Bio Périgord et Bio d’Aquitaine elkarteekin elkarlanean. Orain laborarien elkarteok eskatzen dute ikerlanaren emaitzak argitaratu eta landu daitezela gehiago. Baina INRAk ez du urratsik egiten.

Laborari 2014ko martxoaren 04a
Transgenikoak baino aukera hobeak badirela uste du Erguyk (argazkia: Gaizka Iroz / Kazeta.info).

Laborarik gaiaz galdetu dio Thomas Erguy, Biharko Laborantzaren Elkarteko koordinatzaileari.

OGMek beste arto guziak kontaminatzea, ez ote da eszenario katastrofikoa?

Arto transgenikoa eta arto ez trangenikoaren artean distantzia handia utzirik ere, arriskurik gabeko kohabitazioa ez da posible. Nafarroan ikusten dugu: OGMak ekoizten dira eta arto biologikoa ez dute kutsaduratik zaintzen ahal. Ondorioz, hazleak Akitaniarat heldu dira arto erostera.

Euskal Herriko arto gorrian bezala, tokiko arto moten polinizazioa biziki urrun hedatzen da. Gainera, polinizazioa erle eta haizearen bidez egiten da, kontrolatzen ahal ez diren bi elementu. Zinez, moratorioa da tresna juridiko eraginkorrena.

OGMek laguntza teknikoa eskaintzen diotela laborariari diote teknika hauen aldekoek…

Belar txar, marmutza edota eritasun arazoak aitzinean ezartzen dituzte bai. Urte guziz artoa alor berean ekoizteak hainbat arrisku sortzen dituela erran behar liteke lehenik: lurraren ahultzea, marmutza batzuen biderkatzea, eritasunen garatzea eta belar-txar batzuen azkartzea.

Transgenikoen ordez, agronomiako praktika batzuekin problema hoiei buru egiten ahal zaie: errotazioa, lurraren estruktura lantzea, belar txarren kudeaketa mekanikoa, lurren ongarriztatze organikoa. Aterabideak badira. Teknika alternatibo eta berriztatzaileen garatzen eta hedatzen lan egiten du BLEk, kalitatzeko elikaduraren eskaintzeko jendarte osoari eta OGMn bide atzera ezinean ez sartzeko.