argia.eus
INPRIMATU
Parisko karrikek sutan diraute poliziek Theo L. bortxatu eta astebetera
  • Paris metropolitanoa biltzen duen Ile-de-Franceko hirietan jarraitzen dute iskanbilek ilunabarrero, lau poliziak kaleko kontrol batean Theo L. gaztea borraz bortxatu zutela zabaldu ostean. Berriro 2015eko liskarrak errepikatuko diren beldur dira asko, zenbait soziologok azpimarratu du oraingo protestek "matxinada politiko" baten osagaiak dauzkatela eta Front Nationaleko buruzagiek errepresioa gogortzeko eskatu diote gobernuari liskarrak gehiago indartu baino lehen.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko otsailaren 14a
Gazteak larunbatean, otsailak 11, Bobignyko auzitegiari erasotzen manifestazioaren amaieran. (Argazkia: Yann Foreix)

Bart gauean, otsailaren 13tik 14 artekoan, istiluak izan dira Seine-Saint-Denis, Yvelines eta Hauts-de-Seine departamenduetako zenbait hiritan, poliziak gutxienik 25 gazte atxilotu ditu. Aurretik beste asko arrestatu dituzte, berriro entzuten hasi diren Paris inguruko hiri-auzune handietan: Clichy-sur-Seine, Bondy, Bobigny, Seine-Saint-Denis... Joan den larunbatean Bobignyn Justizia Auzitegiaren aitzinean hasitako manifestazioa handia izan zen eta haren osteko borrokak ere bai, zenbait txikizio barne.

 

Manifestazioak eta ondoren polizia eta gazteen arteko borrokak ez dira itzali otsailaren 2an lau poliziek kaleko kontrol ohiko batean Theo L. borraz bortxatu zutenetik. Irudi haiek sututako haserrea ez da oraino baretu, ezta Theo L. berak François Hollande presidentearen bisitan bakea eskatuagatik ere. "Berriro 2005ekoak bezalako istilu larriak ikustera ote goaz?", entzuten da galdetzen batetik eta bestetik. 

Europe-1 kateak galdezkaturik, Sylvie Tissot soziologo eta irakasleak berretsi dio 2015eko gertakizunekiko antzekotasuna. Orduan bi gazte transformadore elektriko batean harrapaturik hil ziren poliziek lagundu gabe, eta geroztik herritar beltz edo magrebiar koloreko askok jasan dituzte polizien gehiegikeriak.

"Baina gaur egoera ezberdina da. Ez da gazterik hil, eta polizien bortizkerien inguruan mugimendu politiko bat eraikitzen ikusten dugu. 'Matxinada politikoa' dela esan dezakegu. (...) Polizien bortizkeriok estrukturalak dira, lotuta daude bai poliziaren lan egiteko moduekin eta baita banlieu auzuneetako gazteen irudiarekin. Ezin dugu esan gazteen mugimenduok kontrolik gabeak direnik, horrek mobilizazio irrazionalak oroitarazten baititu, jende multzoek zentzurik gabe haserre hutsez egindakoak. Ez da hori oraingo kasua, gaur mobilizatzen diren gazteek hein batean adorea eta arrazionalitatea erakusten dutelako. Kolektibo eta elkarte asko bildu dira protestetara, loturak ari dira sortzen alderdi eta egitura politiko tradizionalagoekin".

 

Oso bestelako analisia egin du Frantzian agintea hartzeko aukera handiak dituen Front Nationalak "Egin dezagun zerbait istiluak Ile-de-France osoan zabaldu baino lehen": "Bobignyn ikusi dugu espektakulu lotsagarria, jendilajea (racaille) eraikin publikoak hondatzen, azpiegitura kolektiboak, besteren kotxeak erretzen, ia neska txiki bat bizirik erretzeko puntura iristen. (...) Gure babes guztia, dudarik gabe, polizientzako, egunero egin behar baitiete aurre alde batetik jendilajearen ekintzei eta bestetik auzitegien utzikeria kulpadunari, denek aspalditik ezagutzen dituzten gaizkileak behin eta berriro kalean utziz".