Zerbaitek definitzen badu Ameriketako Estatu Batuetako politikagintza, beste esparru askotan bezalaxe, hori show-a edo espektakulua da. Xextra ugari gertatu dira hilabeteotan guztiotan, baina tartean bat, berriena, egunkari handi bati dagokiona.
Joera handia dago AEBetako komunikabideetan presidentegai baten edo bestearen alde lerratzeko. Editorial oso markatuak argitaratu ohi dituzte, eta zuzen-zuzenean botoa eskatzen dute gertuen sentitzen dutenaren alde. Adibidez, The Economist-ek horixe bera egin du urriaren 31ko datarekin zabaldu duen artikuluan. Dena den, denek ez dute bide beretik segitu: aurtendanik aurrera hori ez egitea erabaki dute The Washington Post egunkari ezagunaren jabe diren enpresariek –demokraten alde lerratu izan da 1976tik–. Eta erabaki bera hartu dute egunkari gehiagok ere, Los Angeles Times-ek eta USA Today-k esaterako.
Krisia lehertu da The Washington Post-eko erredakzioan. Izan ere, irrati erdi-publiko batek "iturri anonimoak" aipatuz jakinarazi zuenez, 250.000 harpidedun digital baino gehiago galdu zituen egunkariak egun gutxiren buruan; hau da, irakurle digital guztien %10 inguru. Tartean, harpidetza utzi du Stephen King idazle ezagunak, sare sozialetan esan duenez.
The Washington Post-ek ahotsa eman dio informazio horri, eta zifra baieztatu du. Egunkariko Iritzi Sailak prestatua omen zuen Kamala Harrisen alde egiteko editoriala, baina jabeek, azken unean, atzera bota zuten. Horrek dimisioak ekarri ditu The Washington Post-en Kontseilu Editorialean.
Izan ere, egunkariaren Kontseilu Editorialak ez, baizik eta egunkariaren jabeek hartu dute erabakia. Tartean Jeff Bezosek, Amazon multinazionaleko buruak. Influentzia handia du egunkarian, akzio ugari erosiak baitira.
Ez da kasualitatea: Donald Trumpek jo puntuan ipini ditu "bere etsaiak", Harrisen alde lerratzen direnak, eta ulertzera emana du bera agintera heltzen bada "ondorioak" egon daitezkeela. Amazonek kontratu ugari ditu sinatuta AEBetako Etxe Zuriarekin, eta beraz, ez zaio komeni Bezosi bera akziodun den egunkariak Kamala Harris babestea.
The Washington Post egunkariko jabeen izenean, komunikatuan zera adierazi dute: egunkaria ez bada inorekin lerratzen, adierazpen askatasunaren alde ari dela egiten, hartara irakurleak aterako dituela ondorioak bataren edo bestearen alde kokatzeko. Egunkariko kazetari beteranoek, aldiz, tartean Watergate kasua ezagutarazi zuten kazetariek, "koldarkeria" leporatu diete egunkariko jabeei. Babesa jaso dute, besteak beste, The Guardian egunkari britaniarretik.