argia.eus
INPRIMATU
‘The Guardian’ egunkariaren jabeak barkamena eskatu du, hedabidearen sortzaileak esklabotzarekin aberastu zirelako
  • The Guardian egunkari britainiarraren jabeak, Scott Trust enpresak, iragarri du neurriak hartuko dituztela, euren iragan esklabistaren kalteak konpondu eta "lehengoratze justizia" egiteko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko martxoaren 29a

The Guardian egunkariak 2020. urtean abiatutako ikerketa "independente" baten emaitzak plazaratu ditu. Horren arabera, egunkariaren sortzaileek, John Edward Taylor buru, esklaboak izan zituzten euren kotoi-sailetan XIX. mendean. 1821ean egunkariaren sorrera finantzatu zuten Manchesterreko enpresariek ere lotura izan zuten esklabotzarekin; gutxienez esklabista izandako hamaika babesle identifikatu ditu The Guardian-ek.

Egunkaria argitaratzen duen Scott Trust enpresako presidente Jacob Sundek "barkamena" eskatu du, egunkariaren sortzaileek "kotoiaren merkataritzan izandako paperagatik", eta esan du barkamena eskatzea eta gertaera horiek onartzea "lehen pausoa baino ez" direla.

'The Guardian'-ek, bere sortzaileen plantazioetan esklabo lanetan aritutako ondorengoen komunitateentzat 10 milioi libera bideratuko ditu, hango proiektuak bultzatzeko

Sundek iragarri du The Guardian-en sortzaileen plantazioetan esklabo lanetan aritutako ondorengoen komunitateentzat 10 milioi libera (11,4 milioi euro) bideratuko dituela egunkariak, hango proiektuak bultzatzeko.

The Scott Trust Legacies of Enslavement txostenean (Scott Trusten legatua esklabotzan) argi azaltzen da Taylor eta beste enpresariek ehungintza industriako sozietate sare handi bat zutela, eta Amerikako lurraldeetatik kotoia inportatzen zutela, Sea Islands, Hego Carolina, Georgia eta Jamaikatik, besteak beste.

Esklabistak, kalte-ordainak eskatzen

Kasu batzuetan esklaboen jabeak ere izan ziren, George Philipsek esaterako, Jamaikan plantazio bat zuen eta Britainia Handiak esklabotza abolitu zuenean, 1835ean kalte-ordaina eskatu zion gobernuari, bere "jabetzakoak ziren gizakien galeragatik".

Erresuma Batua duela bi mendetik aritu izan da esklabo-jabe izandakoei kalte-ordainak pagatzen euren "ondasuna" kentzeagatik; Bristolen 2015ean amaitu zuen Ogasunak zor hori ordaintzeari.

The Guardian-ek bere sortzaileen esklabo izandako zenbait pertsonaren izenak ere identifikatu ditu, Jamaikan 1831ko Gabonetako Esklaboen Iraultzan paper garrantzitsua jokatu zuen Granville izenekoa kasu.

"Rol periodistiko berria"

Lehengoratze Justiziarako Funtsak Jamaikan eta Gullah zein Geechen –libre geratutako esklaboek AEBetako kostaldean sorturiko hizkuntza eta kultura kreolearen lurraldeari deitzen zaie gullah eta geeche– programa bat zabalduko du datorren hamarkadan, hango proiektuak babesteko.

Horrez gain, egunkariak iragarri du komunitate beltzen inguruko erreportaje gehiago egingo dituela eta "rol periodistiko berriak" sortuko dituela arlo horretan. Kazetari beltzentzako bekak ere sortuko ditu The Guardian-ek.