“L’Etat, c’est moi” (Neu naiz Estatua) duela bi mende eta erdi esan bazuen Frantziako Louis XIV.ak, oraindik bere dotrinak baditu jarraitzaileak. Munduaren beste muturrean, Thailandian ezer ez ei da gertatzen erregearen agindurik gabe. Ezta militarren estatu kolperik ere.
Sonthi Boonyaratglin jenerala ez da Thailandiak gobernuburu ezagutu duen estreinako militarra. Zibilek ez dute urte luzez irauten Bangkok-eko gobernuan; oraingoan hamar urte zeramatzaten aurreko kolpetik, eta berriro irailaren 19an militarrek moztu zuten esperimentua. 65 milioi biztanleko herrialde hau aberastasuna neurtzen duten estatistiketan goi samarrean aurkitzen da, 69.a, biztanleko 8.300 dolarrekin. Horregatik, duela hilabete Thaksin Shinawatra lehen ministroa kargutik kentzeari tartetxo bat eman zitzaion hemengo komunikabideetan, fite ezkutatzeko. Thailandiak segitzen du eskualde hartan Mendebaldeak daukan bazkide onena izaten, errege autokrata eta guzti.
Thailandian gertatzen denaz analisi interesgarriak publikatu dira geroztik batean eta bestean. Horietako bat, Filipinetako unibertsitatean irakasle den Walden Bello-rena. Oso ondo ezagutzen du Thailandia eta duela sei urte plazaratu zuen A Siamese Tragedy: Development and Disintegration in Modern Thailand izeneko liburua. Bellok honela deskribatu du azken hauteskundeetan gehiengo zabalez irabazi zuen Thaksin lehen ministroaren gainbehera: herritarren arazoei konponbiderik ipintzen ez zieten agintari ustelek aspalditik zeukatela ahuldua demokrazia, eta horrez gain Nazioarteko Moneta Funtsak bere presioekin are gehiago hondatu zuela demokraziaren oinarria. Thaksin aberatsak herrialdea konponduko zuela uste zutenak ohartu ziren jendearen askatasun zibilak mozten eta bera are gehiago aberasten ari zela estatuaren kontura. Ondorioz, erdi mailako hiritarrak matxinatu egin ziren kaleetan, eta hurrengo hauteskundeak burutu baino lehen sartu zioten aiztoa militarrek.
Nazioarteko Moneta Funtsaren eskuhartzea eta Thaksin lehen ministro populistaren porrota analista gehiagok ere aipatu dituzte. Aldiz, gutxik eman diote garrantzia berezia gertakizunotan Bhumibol Adulyadej erregeari. Kasik aipatu ere egiten ez dutenez, irakurleak pentsa lezake politikaren gainetik bere jauregi zerutiarrean bizi den izakia izan behar duela, bere menpekoen bizimoduan sartzen ez den erdi-jainkoa... eta oso aberatsa noski. Bhumibol Adulyadejez oso bestelako irudia eskaini digu Paul M. Handley-k The King Never Smiles (Erregeak ez du irribarre egiten sekula) liburuan. Urtetan Far Eastern Economic Review aldizkariko korrespondant izandako Handleyk liburuan erakutsi du nola lortu duen eskrupulo gutxiko gizon horrek munduko erregetzarik luzeena. Liburuan zehar erakutsi digu Bhumibol estatua eta gizartea kontrolatzeko obsesioan bizi dela eta laguntzaile izan dituela arma saltzaileak, droga trafikatzaileak, bankeroak, monopolioak eta CIA.
Bhumibol 1927an AEBetan jaio zen, Bostonen, eta printze mendebaldar bati zegokion moduan hezi zuten. Hogei urtetarako, jazza, auto azkar eta karioak eta erraz bizitzea maite zuen “bon vivant” bat egina zegoen. 1946an tiro batez hil zen bere anaia nagusia Ananda, eta haren faltan igo zen Bhumibol Bangkokeko tronura. Irakurleak badaki anaia zaharrena tiro istripuz hiltzea sarri antzean gertatzen dela munduko monarkietan.
Zibilen gobernuak kanporatu eta beren ordez agintean jeneralak jartzen –Handleyren liburuaren arabera– oso gazterik hasi zen. Laster sinatu zuen gaur arte tronuaren oinarri sendoena suertatu den ituna: gerra hotza hasi berritan, Amerikako Estatu Batuek Ekialde Urrunean zeukaten laguntzaile gogor izatea hitzartu zuen. Errepublika edo demokrazia aldarrikatzen zuten guztiak komunistatzat jo ziren engoitik Thailandian, eta komunista gorri bailiran jazartu zituzten.
Errege gazteak arreta handiz landu zituen bere koroaren oinarri ideologikoak, eta heziketaz aristokrata yanki baten pareko zena azkar beztitu zen budismo-hinduismoaren lidergoz; elizkizun eta zeremoniei sekulako garrantzia eman zien, erregetza jainkoen ordezkari espiritual izatearekin lotu, eta Thailandiako Konstituzio eguna Txakri dinastiaren egun bihurtu zuen. Zenbait bankerok bermatu zioten aberastasuna pilatu eta kudeatzea, eta ordainetan publizitate handia eman zitzaien erregearen obra miserikordiazkoei. The King Never Smilesen iruzkinean horrela idatzi dute Worldpress.org gunean: “Masen manipulazio teknikak erabiliz, erregea bihurtu zen politikarien gainetik dagoen gizarte ongintzako nagusi eskuzabal”.
Bhumibolen indarraren beste oinarria, militarren erabateko fideltasuna, hauen buruzagien kontrol zorrotzarekin lortu zuen. Parentesi artean esateko, ez da kasualitatea izan azken lehen ministro zibila –Thaksin– erortzea noiz eta gobernutik militarren izendapenak kontrolatzeko erabakia hartu zuenean. Militarrek errege honekin ia bost urtean behin eman dute kolpea eta aldarazi dituzte agintariak, beti monarkiarekiko morrontza aitortuz. Gainerakoan, erregea herritarrek jainkotu zezaten bidaia handiak antolatu zitzaizkion jauregitik Bhumiboli Thailandia osoan zehar, eta 1956an Budismoaren 2.500. urteurrena aprobetxatu zuen bere aginte espirituala finkatzeko. Monasterio batean ikasketak burutu eta monje budista izendatu zuten.
1960ko hamarkadan Mendebaldetik bidaia arrakastatsua egin zuen; orduko prentsan tarte zabalak lortu zituen gizarte modernoaren manerak hain ondo ezagutzen zituen monarka exotiko honek. Trukean, 1967an Bhumibolek berak negoziatu zuen amerikarrekin Vietnamgo gerrara soldadu thaiak bidaltzea. Gerraren kontrako protestak ugariak izan ziren ondoko urteetan, eta ezkertiar usaina zuen ororen kontrako sorgin-ehiza berriz, gogorra. Erregearekin lotutako monjeak iritsi ziren aldarrikatzera ikasle matxinatuak eta komunistak hiltzea “budisten betebeharra” zela.
Azken 20 urteotan gero eta ugariagoak izan dira Thailandiako erregimenak ekarritako kalte ekonomiko, sozial eta ekologikoak salatu dituzten militante eta mugimenduak. Horien kontra erregeak batzuetan gobernu zibilak erabili ditu, eta besteetan zuzenean militarrak. 1991ko kolpearen aurretik, esate baterako, Bhumibolek ozenki adierazi zuen militarren kolpea onargarria izango zela, eta laster jeneralek agintea hartu zutenean esan zuten “parlamentuaren diktadura” saihesteko egin zutela. Gogor jipoitu eta hil zituzten bai demokraziaren alde edo bai argindarretarako eraikitako urtegi erraldoien kalteen kontra manifestazioan ateratzen zirenak.
1997an Asia finantzen krisi sakonak astindu zuen. Bhumibolen jauregiko ekonomialariek beren trikimailuak egin behar izan zituzten erregearen diruak zaintzeko, eta orduan azaldu zen Thaksin Shinawatra telekomunikazioetako ugazaba, eskuak bete diru, merkatuaren jabe egin nahian. Thaksinek erregea oportunismoz erabili nahi izan zuen. Baina laster 80 urte egin behar dituen Bhumibol zakur zaharrak bere lana egiten utzi zion hastapenean eta unea iritsitakoan konfidantzazko militarren bidez lepoa moztu. Gero, trantsizio berri bat abiaraziko du, ziur.