Bangkokeko Mahidol Unibertsitateko ikerketa batek asbesto arrastoak aurkitu ditu egindako autopsien %48,8tan. Thailandia amianto inportatzaile nagusienetako bat izan da hamarkada askotan eta oraindik ere erruz erabiltzen da materiala eraikuntzarako eta autogintzako piezak egiteko.
Amiantoa erabiltzea iraganeko kontua dela uste duenak oker dago. Munduko bazter askotan oraindik oso presente dago material hori eta haren industriaren interesak bizi-bizi, Maria Rosellik azaldu digun bezala. Horren ispilu da Thailandiako egoera. Hamarkada askotan munduko asbesto inportatzaile nagusienetakoa izan den herrialdean, 2001etik partzialki debekaturik dagoen arren, oraindik erruz erabiltzen da materiala, zementua, sabaiak edo autoen balaztak produzitzeko.
Erabilera orokortu horrek ondorio larriak utziko ditu. Bangkokeko Mahidol Unibertsitateak hil osteko ikerketa egin du eta 200 autopsietatik 97tan aurkitu dute asbestoa hildakoen biriketan, hau da, ia erdian. Duela 30 urte antzeko azterketa bat egin zuten eta orduan hildakoen %33an aurkitu zuten material kantzerijenoa. Chiang Rai Times ingelesezko atariak eman du emaitzon berri.
Konparaziorako, asbestoak kezka gehien sorrarazi duen europar herrialdean, Italian, hildakoen %16,4an aurkitu zen nola edo halako asbesto arrastorik. Thailandian egindako autopsien artean, bihotzeko arazo batengatik hildako bi urteko haur baten birika-ehunean ere aurkitu dute amianto arrastorik.
XXI. mendean jende gehiago
Datu eskandalagarri horiek izanagatik, herrialdean ez da asbestoak sorturiko gaitz eta gaixotasunak jarraitzeko datu base orokorrik eta urtean oso mesotelioma kasu gutxi lotzen zaio asbestoaren erabilerari.
Paco Puche ikerlariaren arabera, munduan 10 milioi lagun hilko dira XX. mendean amiantoarekin kontaktuan izan zirelako. Baina XXI. mendean are jende gehiagok du harremana material kantzerijenoarekin: munduko populazioaren %71 duten herrialdeetan asbestoa oraindik legeztaturik dago.