argia.eus
INPRIMATU
AEBetan abortu pilula debekatzeko zorian da epaile kontserbadore bat
  • Abortuetan erabiltzen den mifepristona pilularen salmenta debekatzeko eskatuz abortuaren aurkako lobbyek hasitako auzia Matthew Kacsmaryk epailearen esku da. Badirudi eskaera babestu eta neurri federal bat onar dezakeela AEBetan. 2000 urtetik 5,6 milioi emakumeek erabili dute. Emakumeen Martxako ekintzaileak aurka manifestatu dira, eta AEBetako Elikagai eta Sendagaien Administrazioa den FDAk pilularen segurtasuna defendatu du.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 16a
Abortatzeko eskubidearen aldekoak Texasko auzitegi federalaren kanpoaldean manifestatu dira. Argazkia: AFP.

Epaile federal kontserbadore batek abortuaren aurkako eragileek aurkeztutako helegite bat aztertu du asteazkenean, eta abortatzeko pilula mifepristona AEBetan debekatzeko eskatu diote, Agence France-Presse berri agentziak zabaldu duenez.

Donald Trump presidente ohiak izendatu zuen Matthew Kacsmaryk epaile federalak gidatutako saioa lau ordu baino gehiagoz luzatu da. Abortu prozesuetan erabilitako mifepristona pilularen salmenta debekatzeaz aritu dira eta badirudi auzi-jartzaileen eskaera babestu eta neurri federal bat onartzeko aukera dagoela, The Washington Post egunkariak informatu duenez.

Joan den Ekainean Gorte Gorenak abortatzeko eskubide  konstituzionala ezeztatu zuen eta harrezkero, hamabost estatu kontserbadorek debekatu dute abortu mota oro. Beste batzuk, hala nola Florida, praktika hori gogor murrizteko prozesuan sartuta daude.

Urtero 500.000 emakumek erabiltzen dute abortatzeko pilula

Baina erabaki honek herrialde osoko emakumeei eragin diezaieke –urtero 500.000 emakumek erabiltzen dute abortatzeko pilula–, baita abortatzeko eskubidea babesten duten estatuei ere.

Milioika emakume erabakiaren kontra

“Ez da zure umetokia, ez da zure erabakia” bezalako mezuekin, Emakumeen Martxako ekintzaileak gortearen aurka agertu ziren. AFPko kronikan zenbait manifestarirekin mintzatu dira, eta besteren artean salatu dute sakonean ez dagoela eztabaida zientifikorik –abortuaren aurkakoek horrela ere planteatu dute–, baizik eta erabat ideologikoa dela kontua. Beste manifestari baten hitzetan, emakumeen artean kezka handia da.

Kasuaren azterketa sakonaren zain egon gabe, abortuaren aurka daudenek justizia federalak lurralde osoan pilularen baimena etetea nahi dute. Asteazkenean azkar jokatzeko eskatu diote epaileari. Produktu horren “ondorio kaltegarriak” ez dutela mugarik, eta ezin dutela “denborarik galdu” esan du Erik Baptist abokatuak, CNNk jaso duenez.

Bestalde, AEBetako Elikagai eta Sendagaien Administrazioko (FDA) abokatuek mifepristonaren segurtasuna defendatu dute, pilula hori 23 urtez 5,6 milioi emakumek erabili dutela eta oso arazo gutxi sortu dituela argudiatuz (1.500 baino gutxiago).

Pilularen nondik-norakoak

Abortu-pilula eta "biharamuneko pilula" ez dira gauza bera

AEBetan, mifepristona eta misoprostola pilulak erabiltzen dira, Elikagai eta Sendagaiak Administartzeko Agentziak baimendua 2000. urtetik. Guttmacher institutuaren arabera, AEBetako abortuen erdiak baino gehiago (%53) sendagaiekin egin dira.

AFPren arabera, bi pilula horiek erabiltzen direnean abortuak oso seguruak eta eraginkorrak dira. Odol fluxu handia, sukarra, infekzioak edo erreakzio alergikoak gisako konplikazio gutxi izaten da.

Abortu-pilula eta "biharamuneko pilula" ez dira gauza bera; izan ere, lehenengoa, haurdunaldia berretsi ondoren hartzen da, haurdunaldia eteteko. Bigarrena, aldiz, babesik gabe izandako harreman baten ostean hartzen da.