argia.eus
INPRIMATU
Texasen “harresi flotagarri” bat eraikitzen ari dira, migratzaileei bidea oztopatzeko
  • Neurria Texaseko (AEB) gobernadore Greg Abbott kontserbadorearen proposamena da. Migratzaileen aurkako beste hainbat politika erasokor aplikatu ditu aurretik: kontzertinen instalazioa, mugako patruilen sorrera, eta migratzaileen deportazioa estatu demokratetara autobusez.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 13a
Rio Granden instalatuko dituzten buia erraldoiak. Argazkia: Texaseko Segurtasun Saila.

El Diariok eman du albistea. Rio Grande ibaian instalatuko du “harresia”, 1,2 eta 1,8 metroko buia erraldoiak erabiliz, ur azpitik sareen bidez elkartuak eta ainguratuak. Guztira, milioi dolar baino gehiagoko aurrekontua du instalazioak. Larunbatean ipini zuten lehenengo zatia, 300 metrokoa, Eagle Passen, Mexikoko Piedras Negras hiriarekin muga egiten.

Iaz, Eagle Passetik 270.000 migratzaile pasa ziren AEBtara. Aurten 44 pertsona hil dira itota muga pasatzeko saiakeran. Giza eskubideen erakundeek salatu dute buiek muga arriskutsuago egingo dutela eta migratzaile gehiago hilko direla, sartzen saiatzen jarraituko dutelako.

Harresiak arazo handiak ekartzen ditu, bai ingurumenarenak, bai politikoak, bai ekonomikoak. “Animali batzuk sareetan harrapatuak geratuko dira eta ezin izango dira atera” salatu du Tricia Cortezek, Rio Grandeko Ikerketa Zentro Internazionalaren buruak. Aktibista klimatikoak ibaiaren bi aldeetan ari dira protestan. Mexiko eta AEBk 1970 urtean sinatu zuten itun baten aurka doa harresia. Itunaren arabera, ibaiaren bidea aldatu dezakeen egitura bat eraikitzeko bi estatuen onarpena beharrezkoa da. Azkenik, salatu dute hainbat enpresari kalteak ekarriko dizkiola, ibaiaren erabilera mugatzen duelako.

Harresia auzitara

Jessie Fuentes, Rio Granden bisita kanoa bidezko bidaiak eskaintzen dituen enpresa baten buruak, auzitara eraman du Abbott gobernadorea, harresiak bere enpresari eragingo dion kaltearengatik. Enpresaren abokatuak adierazi du gobernadoreak ez duela “autoritate legalik” buiak instalatzeko+. Abbottek salaketa Auzitegi Gorenera iritsiko dela adierazi du bere twitter kontuan.