argia.eus
INPRIMATU
Testuliburuak berrerabiltzen al dituzte zure eskolan?
  • DBH 4ko sei testuliburutan 223 euro ordaindu ditu Ainhoak, lau liburu aurtengo edizioak, gainerakoak berrerabiltzeko aukerarik gabe, "ez familian, ez lagunartean, ez bigarren eskuko plataformetan". Testuliburuen mailegutza edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du hainbat etxetan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko irailaren 05
Argazkia: Larramendi ikastola.

Ikasgai eta maila jakin bateko testuliburuan egokitzapenak egin eta edizio berria atera badute, erostea beste erremediorik ez zaio geratuko familiari. Bai gobernuek bai udalek dirulaguntza bereziak ematen dituzte testuliburuen gastuari aurre egiteko (eta testuliburuen doakotasun programa du Nafarroako Gobernuak, esaterako).

Edizio berria ez denean, gero eta ohikoago bilakatzen ari da berrerabilera. Guraso elkarteek bigarren eskuko azokak antolatu ohi dituzte, eta ikastetxeetan mailegutza sistema erabiltzen da. Maila jakin batzuetarako, Testuliburuen Mailegu Solidarioa programa ere martxan da EAEn. Hori bai, liburu bat berrerabiltzeko, aurretik eskuetan izan duen ikasleak zaindu eta txukun mantentzea inportantea da. “Lehen Hezkuntzako 4. mailara arte (9-10 bat urteko haurrak) ikasleen ikasmateriala urtero erabiltzea, zikintzea, gomendatzen dugu –adierazi digute Ikaslekarretik–. Hortik aurrera, mailegutza erabiltzen duten ikastetxeen gelako kudeaketa eta ikasleen hezkuntza-esperientzia hobea izateko ohiko liburuaz gain, jarduera fitxak ere gehitzen ditugu; ikasleek jarduera fitxak erabiltzen dituzte eta ez dute liburua “zikintzen”, eta, era berean, ariketa horiek txukun dituzte jasota”.

Paperezko testuliburuei ikasmaterial digitala batu zitzaien duela urteak. Ikaselkarrekoek azaldu digute testuliburu %100 digitalak Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera eskaintzen dituztela, beheragoko mailetarako ez, baina paperezko testuliburuekin batera osagarri digitalak erabiltzea oso ohikoa da aurreko mailetan ere.

Azkenik, gogoan hartu behar da testuliburuetatik harago doala ikasmateriala, eta ikasturteari aurre egiteko bestelako material eta osagarriek ere pisu ekonomikoa dutela etxeetan. Espainiako Estatuan egin duten azterlan baten arabera, inoizko ikasturte hasierarik garestiena izango da estatuan: 500 euro seme-alaba bakoitzeko.