argia.eus
INPRIMATU
Testu-liburuen editoreak ere urduri LOMCEren kontrako “ezkutuko intsumisioagatik”
  • Ohartarazi dute “ilegala” dela lege berrira egokitutako testu-liburuen ordezkapena oztopatzea. 200 milioi euroko inbertsioa egin dute.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 03a
El Diario.es

Wert ministroa ez da LOMCEren garapen eskasaren aurrean urduri jarri den bakarra. ANELE Espainiako liburu eta ikas materialen editoreen elkarteak autonomia erkidegoei ohartarazi die ezin dutela oztopatu lege berrira egokitutako testu-liburuen ordezkapena.

Elkarteak Espainiako testu-liburuen 30 editore nagusiak biltzen ditu. Jadanik 200 milioi euroko inbertsioa egin dute testu-liburuak LOMCEk agindutako curriculumera egokitzen –kasu batzuetan dekretu zirriborroetan baino ez dira oinarritu–, baina elkarteko lehendakari Jose Moyanok azaldu duenez zaila izango dute diru hori guztia amortizatzea “zenbait erkidegotan izaten ari garen ezkutuko intsumisioarekin”.

ANELEren esanetan autonomia erkidegoetako administrazioek ikastetxeei “presioa” egin diete ez ditzaten oraindik testu-liburuak ordezkatu. Erkidego batzuetan beste batzuetan baino gehiago nabaritu omen da, baita PPk agintzen duen horietan ere; “ez dugu ulertzen” dio Moyanok.

2014ko ekainean Wert ministroak onartu zuen LOMCE ezartzeak 2.164 milioi euroko kostua izango duela, legearen memoria ekonomikoan agertzen dena baino 800 milioi euro gehiago.

150-200 euro gehiago liburutan

Guraso elkarteek behin baino gehiagotan salatu dute LOMCEren ondorioz familia bakoitzak testu-liburuetan egindako gastua 150-200 euro igoko dela eta askok zailtasunak izango dituztela kopuru horri aurre egiteko.

Ikasturte hasieran Lehen Hezkuntzako hainbat mailatako testu-liburuak ordezkatu behar zituzten ikastetxeek, LOMCEra egokitzeko, baina kasu askotan ez da halakorik egin, legeak iraungo ote duen zalantza handiak baitaude. Horren ordez, lehendik martxan zeuden truke sistemetara eta liburu-bankuetara jo dute.