argia.eus
INPRIMATU
Testosterona behera

Jakoba Errekondo 2021eko abenduaren 23a
Mendabeltzak erdira jaisten du gorputzeko testosterona maila.

Testosterona gehiegi duen jendarte batean bizi gara. Feminizidio etengabea, muskulu masa erraldoiak erakusten dituen jendearen emana, oldarkortasuna eta diktadoreen pare barrabilak mahai gainean jarrita erabakiak hartzen dituzten hagintariak dira adibide garbiak.

Euskal Wikipediak dioenez, ziklopentanoperhidrofenantreno (ondo idatzi izana espero dut) egitura nagusitzat duen hormona da testosterona. Batez ere arrak ekoizten du barrabiletan, baina askoz kopuru txikiagoan bada ere, baita emeak ere. Sexurako grina piztu, ilea gorputz guztian ugaritu, ahotsaren hoskera aldatu, energia fisikoa eta mentala indartu eta abar luze bat egiten du hormona horrek.

Paul J. Zakek zuzendutako taldeak 2009an argitaratu zuen lan baten arabera, testosterona altuak gizonak antisozialki jokatzea eragiten du; norberekoiagoa da, egoistagoa.

Has gaitezen bada, azkar, jendartea izorratu besterik egiten ez duen testosterona gaindosi orokor horri aurre egiten. Nire proposamena elikadura “zaintzea” da. Hona gorputzean testosterona maila apaltzen duten janari-edari batzuk.

Mendabeltza (Mentha spicata) eta mendafina (Mentha x piperita) Turkian ikertu dituzte. Han tearekin batera menda hartzeko ohitura dago. Bada, lehenak erdira eta bigarrenak laurdenera jaisten du gorputzeko testosterona maila.

Eragin arinagoa omen du baina erregalizak (Glycyrrhiza glabra) ere beheratzen du testosterona. Zabaldu dezagun makilagoxoa.

Gizontasunarekin hain lotua dagoen alkoholak ere testosterona beheititzen du. Beraz, ar harroago egiten duela uste duenak kontuz edatearekin. Eta, pentsatzen jarrita, hurkoaren aurkako erabakiak hartzen dituzten hagintari ar horiek ez ditut txotxean edo ardo on bat hartzen imajinatzen.

Aziendak hazteko antibiotikoak eta hormonak dantzatzen direnean hortik sortuko diren mozkinek (esnea, okela...) testosterona %15 inguru goibeheratzen dute, 2014an Chavarro J. E. gidari zuen ikertalde batek argitaratu zuen lanak dioenez.

Karbohidrato eta azukre finduak janda ere berdin, testosterona gutxiago.

Sojak (Glycine max) ere hormona maila ahultzen du. Kontuz, beraz, miso zopa, tofua, soja esnea eta jogurta eta abarrekin...

Bizarrak ahulduta, ahotsa finduta, indarrak eta kemenak apalduta eta gizenxeagoa izango den jendarte gozoago bat egiteko prest al gara? Libidoa edo sexu grina pizteko erremedioren bat aurkitu behar...