argia.eus
INPRIMATU
Tesla auto elektrikoen fundatzaile aberatsa haserre dago konfinamenduarekin: “Faxista da”
  • AEBetan indarrean dagoen herritarren konfinamendua "faxista" eta "espetxeratze behartua" dela dio Tesla auto elektrikoen markaren fundatzaileak. "Jendea ez zen honengatik etorri AEBetara eta herria altxa", adierazi du enpresaren emaitza ekonomikoen aurkezpenean.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko apirilaren 30
Elon Tusk munduko 40 pertsona aberatsenetakoa, Tesla auto elektrikoen fundatzailea.

Auto elektrikoen fabrikatzailearen 2020ko lehen hiruhilekoan finantza emaitzen aurkezpenean egin ditu adierazpenok magnate polemikoak. Eta hori gertatu da 16 milioi dolarreko irabaziak iragarri dituen ekitaldian, 5.985 milioi euroko diru-sarrerak izan ondoren, 2019ko urtarrila eta martxoa bitartean baino %32 gehiago. Mundu osoko hedabideek jaso dituzte bere hitzak.

Analistekin eta komunikabideekin egindako telekonferentziaren hasieran, Musk multimilioidunak esan du urtarriletik martxorako hiruhilekoa "indartsua" izan zela, azken asteetan koronabirus pandemiaren hedapenak "arazo asko" eragin zituen arren. Ondoren, analisten galderei erantzunez, gogor kritikatu ditu AEBetako agintariek –eta munduko herrialdeetako gehienek– hartutako erabakiak, bereziki konfinamendu agindua.

"Konfinamendua hedatzeak edo herritarrak beren etxebizitzetan behartuta espetxeratzeak pertsonen askatasunak modu izugarrian hausten ditu", adierazi du.

"Eskandalua da. Kalte handia egingo dio, ez bakarrik Teslari, baizik eta konpainia askori. Teslak gaindituko du, baina beste batzuek ezingo dute. Jendeak bere bizitza osoan eraiki duen guztia suntsitzen ari da", jarraitu du Hegoafrikan jaiotako aberatsak.

"Uste dut jendea oso haserre egongo dela honekin. Norbaitek bere etxean egon nahi badu, bere etxean egoten utzi beharko litzaioke. Baina esatea ezin dutela etxea utzi, eta atxilo hartuko dituztela, hori faxista da", gaineratu du Muskek.

Iazko urrian Pello Zubiria lankideak erreportajea idatzi zuen ondorengo izenburuarekin: Hondamendia usainduta, salbamendu-txalupa bila dabiltza aberatsenak. Bertan erakutsi zuen munduko 40 pertsona aberatsenetakoa den Elon Muskek aurkeztu zuela SpaceX, gizakiak Ilargira bezala Martera eraman ahal izango omen dituen espazio-ontzia. Bezperan, milioika jende kalera irtenak ziren mundu osoan agintariei eskatzeko klimaren hondamendia geldiaraz dezatela. Baina –Musken hegazkin futurista lekuko– elitearen ametsa hondamendia saihestea baino gehiago da beraiek ekaitzetik libratzea, salbamendu-ontzi ongi armatuetan.

 

 

Space-X: Elon Musk milioidunak Ilargira eta Martera bidaiatzeko aurkeztu berri duen espazio-ontzia.