Filosofia haurrekin lantzea erronka potoloa izan daitekeela pentsatu dezakegu, baina hain juxtu “filosofatzea naturala da haurtzaroan, umeek berezkoa dute filosofatzeko, galderak egiteko, jakin-minerako... gaitasuna, eta izatekotan adinarekin goaz hori guztia galtzen”. Adibiderako, 10-12 urteko gazteekin Usurbilen egin berri duten tertulia filosofiko mamitsua.
Euskal Herrian zehar filosofia saioak antolatzen dituen Jakinmin elkartearekin harremanetan jarri zen Usurbil herriko OinHerri Herri Hezitzailea eta Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako ikasleei (10-12 urte inguruko gazteei) zuzendu zieten gonbidapena: tertulia filosofiko saio batean parte hartzea. 45 lagunek eman zuten izena, eta halako arrakasta ikusita, bi taldetan banatu zituzten haurrak.
“Filosofia praktikoa egiten dugu guk, gai bat hartu eta horren inguruan eztabaidatu, filosofatu”, kontatu digu Jakinmin elkarteko Xabi Salaberriak. Abiapuntu gisa, pizgarri bat jartzen dute (ipuin bat, bideo bat, kantu bat...), gero gai jakin batean murgildu eta galderak planteatzeko. Usurbilgo kasuan, Aulki urdina ipuina izan dute bidelagun: “Aulkian gizon bat esertzen da lehenik, gero zakur batek gerizpe moduan erabiltzen du, estralurtarrentzat txapela da aulkia... eta pixkanaka galderak planteatzen doa ipuina bera: objektu hori zer da, aulkia? Aterpea? Txapela? Zerk egiten du gauza bat gauza hori izatea? Errealitate bakarra dago ala errealitate gehiago? Ala errealitate bat eta interpretazio ugari?... Harrigarria da gogoeta mailan noraino iris zaitezkeen 10-12 urteko haurrekin”.
Gazteak eurak oso gustura aritu zirela azaldu digu Salaberriak. Batetik, ohituta ez dauden dinamika bat delako: “Ez dago erantzun zuzen bakarra, eta horrek deskolokatzen ditu, bidea elkarrekin egitea eta noraino iristen diren ikustea da xedea, eta denek ez dute gainera ados egon beharrik saio bukaeran”. Bestetik, haurrek nabarmendu ohi dute nola konturatzen diren hasieran iritzi bat dutela eta ipuinean aurrera egin ahala, gainerakoei entzun ahala... iritzia aldatzen doazen. “Iritzi arrazoitua bilatzen dugu, ez azaleko iritzia, benetan elkarrizketa filosofikoa izan dadin”. Azkenik, besteak benetan entzute hori –“eta ez besteak esateko daukana noiz bukatzen den itxarotea, gurea botatzeko”– zeinen ederra den azpimarratu du Salaberriak, hori baita tertulia filosofikoa, “baina horretarako patxada behar da, denbora behar da, eta gaur egungo erritmoan denbora da falta zaiguna”.