argia.eus
INPRIMATU
“Terrorista” izendatu nahi du Trumpek mugimendu antifaxista
  • Twitter bidez iragarri du bere asmoa AEBetako presidenteak. Igandeko protestetan hiru herritar gehiago hil dira behintzat. Asteartetik 4.000 atxilotu zenbatu ditu CNN kateak.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 01

Donald Trump AEBetako presidenteak igandean idatzi du mugimendu antifaxista ituan jartzen duen txioa: “AEBek ANTIFA erakunde terrorista izendatuko dute”. Asteartetik lurralde osora zabaldu diren protesta eta istilu jendetsuen erantzule egin du mugimendua. Trumpen adierazpenen ondoren, William Barr AEBetako fiskal nagusiak esan du FBIak “muturreko taldeak eta kanpoko asaldatzaileak” identifikatzeko lan egingo duela: “Antifak eta antzeko taldeek liskarrekin lotuta bultzaturiko eta gauzaturiko indarkeria etxeko terrorismoa da, eta horren arabera izango da tratatua”.

George Floyden heriotza salatzeko mobilizazioak eta istiluek ez dute etenik. Igandean hiru pertsona gehiago behintzat hil dira protesten testuinguruan, bi Iowan eta bat Kentuckyn. CNN katearen arabera astearteaz geroztik 4.000 pertsona baino gehiago atxilotu ditu poliziak.

Ospetsu askoren arbuioa

Floyden heriotzak eta horren ondotik piztutako sumindura eta protestak ohiko eremuetatik harago zabaldu dira. Poliziaren eta arrazakeriaren aurkako eta Floyden aldeko adierazpenak egin dituzte, esate baterako, Madonnak, Michael Jordanek, Le Bron Jamesek, Beyoncek edo Michael Hamiltonek. New Yorken eta Miamin, zenbait polizia belaunikatu egin dira manifestarien aurrean doluminak agertzeko. Asteburuan Alemaniako gizonezkoen futbol ligako hainbat jokalarik partidak baliatu dituzte mezuak zabaltzeko.