argia.eus
INPRIMATU
Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentro berrian ez parte hartzeko eskatu die Martxoak 3 Elkarteak euskal instituzioei
  • Espainiako Gobernuaren egitasmoa da Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroa zabaltzea Gasteizen. 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziaren tiroz hil zituzten bost gasteiztarren memoria ez da aintzat hartuko proiektuan. Martxoak 3 Elkarteak euskal ordezkariei eskatu die Madrilen aurrean “planto egiteko”, ez bada horrela “biktimen arteko bazterkeria bultzatuko” baitute beren hitzetan.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 30a

“Ezarri nahi duten eredua ez dela egokia uste badute, ez dezatela parte hartu”, esan du Andoni Txasko elkarteko kideak. Hala Bedik jaso duenez, bilera egin berri dute Martxoak 3 Elkarteko kideek Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin eta gainontzeko arduradun politikoekin, egoeraren aurrean euren desadostasuna adierazteko. Eraikitzen ari diren biktimen zentro berrian ez ditu terrorismoaren biktimatzat jotzen 1976ko martxoaren 3an hil zituzten bost lagunak.

Duela bi aste Konstituzio Auzitegiak ez zuen tramitera onartu Arabako Foru Aldundiak 1976ko martxoaren 3ari buruz ezarritako babes-errekustroa. Elkarteak “harriduraz” hartu zuen albistea eta kasua Estrasburgoko Auzitegietara eramateko “ahalegin guztiak” egingo dituztela esan dute. Gasteizko Udalak bileraren ostean helarazi zuenez, beharrezkoa den babes teknikoa eta aholkularitza juridikoa eskainiko dio elkarteari.

“Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala eta Arabako Aldundia biktimekiko izaten ari diren mezua ez dator bat Espainiako Gobernuak proposatzen duenarekin. Hori dela eta, planto egin beharko liekete Rajoyren Gobernuari”, azaldu du Txaskok Radio Vitorian eginiko elkarrizketa batean.