argia.eus
INPRIMATU
Deklaratzera deitu dute Ahotsa.info-ko kide bat bi albistetan “euskal preso politiko” kontzeptua erabiltzeagatik
  • Komunikabideko kide batek Agoizko epaitegian deklaratu beharko du asteazken goizean pare bat albistetan “euskal preso politikoak” terminoa erabiltzeagatik.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2019ko apirilaren 24a
Ahotsa.info-ko kideak.

2018ko urtarrilaren 5 eta 13an zabaldutako bi albisteetan “euskal preso politikoak” deitzen zitzaien EPPK-ko kideei, eta hori dela eta, 2018ko uztailan Ahotsa.info-ko kide batek Espainiako Poliziaren komisaldegian deklaratu behar izan zuen. Oraingo honetan, eta auzi beragatik, Agoizko epaitegira joan beharko du asteazken goizean, bideokonferentzia bidez Auzitegi Nazionaleko epaile baten aurrean deklaratzeko.


Ahotsa.info-k honakoa gogoratu nahi izan du kasu honen harira: hau ez dela jasaten duen lehenengo erasoa, eta zentzu berean, aurretik Euskal Herriko beste komunikabide batzuek Estatuaren aldetik jasandako erasoak eta itxierak ekarri nahi ditu gogora: Egin, Egin Irratia, Egunkaria, Ardi Beltza, Apurtu, Ateak Ireki… Gainera, azken garaietan, Mozal Legearen aplikazioarekin herri komunikabide batzuen jarduera baldintzatzen saiatu dira. Hor ditugu, esaterako, Argia edo Hala Bediko kazetarien auziak. Adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna arriskuan jarraitzen dute Euskal Herrian, eta hori onartezina da.

Albiste hau Ahotsa.info-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.