argia.eus
INPRIMATU
Plazak terrazez betetzearen aurka Iruñeko Alde Zaharrean
  • Iruñeko Udalak datorren astera arte atzeratu du Alde Zaharreko hainbat plazatan terrazak jarri ala ez. COVID-19aren egoera aztertzeko egiten den bilkuran aztertu da gaia eta, bitartean, herritar talde bat pankarta batekin egon da Udaletxearen aurrean, plaza horietan terrazak ez jartzeko eskatzeko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko urtarrilaren 29a
Argazkia: Euskalerria Irratia

Orain arte San Jose plazan eta Compañia plazan (hemen bada bat) jarri behar ziren terrazak, baina ostiral honetan jakin denez, Kaldereria eta Jarauta kaleetan ere jarri nahi dira; eta beste bat Bigarren Zabalgunean, Gurutze plazaren inguruan.

Taberna askok ez dute terrazarik eta hauek jartzeko baimena eskatu diote udalari. Horrek ekarri du herritar ugariren protesta, lehendik ere Alde Zaharra tabernaz saturatua dagoelako eta Alde Zaharreko bizilagunen atsedena asko sufritzen ari delako bereziki azken hamarkada honetan. Hori dela eta, Kaldereria kaleko ostalari eta bizi lagunen arteko bilerak egin dira gaia elkarrekin bideratzeko.

Antolatutako bizilagunen esanetan, haiek ulertzen dute une honetan ostalariek jasatzen ari diren egoera eta prest leudeke horietako hainbat terraza onartzeko, beti ere behin-behinekoak balira. Baina beldur dira, sarri behin-behinekotasun hori betikoa bihurtu baita. Haien beldurra ez da hutsala, izan ere, Enrique Maya alkateak aipatu du ezin dela baztertu terrazak toki horietan betikotzea. AZ Ekimena auzoko elkarteak eskatu dio udalari ez dezala inolako erabakirik hartu aferak ukitzen dituen eragileen adostasunik gabe.