argia.eus
INPRIMATU
Tere eta Bea
  • "Ez dugu asko aurreratu, bai duela 30 urte bai orain, eskolak jarraitzen du pentsatzen hori dela gure seme-alabek zenbat dakiten neurtzeko modurik onena, haien jakintza paper txuri bat eta ordubeteko jardunean sartuko balitz moduan".

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko maiatzaren 15a

Liburutegira joan eta gainezka, dena ikaslez josia, bistan da azterketa garaian gaudela. Azterketa berdin presio itzela, hori zen nire ekuazioa duela 30 urte. Ez dugu asko aurreratu, bai orduan bai orain, eskolak jarraitzen du pentsatzen hori dela gure seme-alabek zenbat dakiten neurtzeko modurik onena, haien jakintza paper txuri bat eta ordubeteko jardunean sartuko balitz moduan. Eta txarrena, neurgailu hori giltza bilakatzen da hainbat unetan, aurrera segitzeko edo atzean geratzeko. LOMCEko errebalidekin egoera are eta gogorragoa bilakatzen da. Eta gaiaren harira apunteak atera dira plazako berriketan: nik aipatu dut unibertsitatean txukunen hartzen zituzten ikaskideen apunteetatik ikasten nuela sarri, hori larru-sendoa izatea dela dio ondokoak, eta hirugarrenak ezetz, eskuzabaltasuna dela. Laugarrenak dio eskuzabala izatea moduko plazer gutxi dagoela. Eta neure baitan murgildu naiz, pentsatuz Tere eta Beari ez niela behar beste eskertu euren eskuzabaltasuna: mila esker Tere eta Bea! Mila esker eskoletako Tere eta Bea guztiei, zuei esker azterketen traba gainditu eta jende askok aurrera egiten duelako.

Artikulu hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta duen CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra