argia.eus
INPRIMATU
Teoria neoliberala deseraikitzen: egungo koiuntura geopolitikoaz aritu da Atilio Borón, Bilbon
  • Mario Vargas Llosak iaz egindako argitalpena hankaz gora jartzen duen liburua idatzi du argentinarrak; errotik aztertu, kritikatu eta apurtu ditu egungo sistema kapitalistaren koiuntura soziopolitikoaren teoriak. Astelehenean aurkeztu du lana Euskal Herrian.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko apirilaren 16a
Atilio Borón Bilboko La Bolsa eraikinean, liburu berria aurkezten. Argazkia: @ConsVENBilbao

“Liberalismoa eta demokrazia txapon beraren bi aldeak dira, eta azken honek beharrezko du kapitalismoak ezarritako merkatu arauetara egokitu eta sostengatzea”. Zehatz eta zurrun mintzatu da Atilio Borón (Buenos Aires, Argentina, 1943) soziologo, politologo eta idazlea, Bilboko La Bolsan hainbat ekimenek antolatutako jardunaldian. Perún jaio eta aspaldidanik Espainian bizi den Mario Vargas Llosaren azken lana izan du hizketagai –La llamada de la tribu–, hura kritikatuz idatzi baitu El hechizero de la tribu liburua. Datozen egunotan helduko da liburua Euskal Herrira.

Ezer baino lehen, Vargas Llosaren talentua sekulakoa dela esan du. Eta nabarmen utzi nahi izan du hala pentsatzen duela, ondoren lore gutxi bota dizkion arren. Ideologikoki, gaztaro ezkertiarra izan zuen Vargas Llosak: Cahuide orduko Perúko alderdi komunistan militatu zuen urte luzez. “Beste ezkertiar bat, urteen poderioz eskuinerantz egin duena”, gaineratu du Borónek. Nazioarte historikoan, askok egin dute hanka marxismotik beste muturrera; horren adibide dira Lucio Colletti –ondoren Berlusconiren lagun egingo zena–, eta Régis Debray frantziarra, Fidel Castro eta Ché Guevararen ondotik aldendu eta urrundu zena. Biek ala biek –eta Borónek aipatutako zerrendako beste kideek– goi-karguak eduki eta diruz jositako bizimoduak izan dituzte behin mundu kapitalistara igarota. “Helduaroan, zergatik jo dute iraultzaile adimentsu askok eskuinera?”, galdegin baina arrazoitu gabe utzi du Borónek.

Vargas Llosaren pentsaera ideologikoaren aldaketa ulertzeko bi gako eman ditu ulertzera. Zalantza izpirik gabe, 1990an Margaret Thatcher elkarrizketatu izana da garrantzitsuena. Orduan kargua amaitzear zen garaiko liberalismoaren emakume erreferente nagusia –Britainia Handiaren garapen ekonomiko zein politiko esanguratsuek arrakasta zuten nazioartean–. Antzerako zerbait gertatu zitzaion Ronald Reaganekin; Sobietar Batasunaren azken urtetan emandako loraldi liberalaren arduradun izan ziren biak.

 

 

Argazkia: @ipesbilbo

 

 

Adam Smith eta bere figura

Vargas Llosak aztertutako hainbat autoreren artean, gehien kritikatu duen kontaketa Adam Smith ingelesarena da: “Sortu egin den figura bat da gaur egun Adam Smith bezala saltzen dena”. Haren The Wealth of nations ("nazioen aberastasunak") argitalpena gogora ekarriz, Smithek aipatu besterik egiten ez zuen “esku ikusezina” kontzeptuaz aritu da; hegemonia neoliberalaren nahietara egokitzen den kontzeptua da, baina ez da, oro har, Smithen pentsaera definitzen duen gako nagusia. “Garaiko (XVIII. mendea) progresista handienetako filosofoa zen izatez, ez ekonomialaria. Errealitatearen analisi gordina egin eta injustiziaz hitz egin zuen; langileen antolakuntza debekatuta zegoela eta aldi berean enpresariena ezetz salatu zuen”, dio Atilio Borónek.

Aiputako Smithen liburuan argi azaltzen da estatuak esku-hartzea nahitaez egin behar duela. Adibidetan eroriz, ez da bidezkoa herritarrek zuzenean banku pribatuekin negoziatzea, azken hauek gurekiko erabateko kontrola dutelako. Behin eta berriz gaitzetsi du Borónek ez dela zilegi gaur egun oraindik Smithen irudi figuratibo hori ikastetxeetan irakastea.

Amets amerikarraren baitan

Hazten doa arraza zuriaren, gizonezkoaren eta aberastasun preziatuaren bila joate etengabe hori. Hainbesteraino, Donald Trump boterera heltzeraino. “Klase ertaina biltzea lortu du Trumpek”, adierazi du Borónek. Eta mundu globalizatu honetako herritar garenoi albo-kalteak eragiten dizkigula dio. Mina; hala definitu du amets amerikarrak munduan izandako inpaktua: “Ez da posible enpresarien eta langileen arteko soldata banaketa: 1980 urtean, 40 aldiz gehiago irabazten zuten enpresariek, eta gaur egun, 340 aldiz gehiago”.

Kulturari ere eragin dio horrek. Hego Ameriketan, askok eta askok egiten dute hautua AEBetara igaro eta bizitza hobeago bat –hobe biziko ote dira han?– izateko. Kontsumitzen dugun kutsu mediatikodun guztia leku berberean jazotzen da, eta hura da gure erdigune. Dena hain gertu, baina aldi berean, hain urrun: “Arrazaz zuria ez den familia batek AEBetara joanez gero bizitza ezerezetik hasi behar du; maila apalago bateko pertsonak dira han”.

“Maduro, diktadorea?”

“Nola izango da bada Nicolas Maduro diktadorea? Ea zer esaten duten, bestela, 6 milioi venezuelarrek; 2 astean behin kasik dohainik janaria ematen die-eta”.

Liburuaz hitz egiten ez bezala, are askeago aritu da publikoko galderei erantzuten. Masa hedabideak ere izan ditu hizpide Atilio Borónek, eta argi esan du: “Hedabide handiek ez dute informatzeko asmoa, aspaldi galdu zuten. Venezuelaz jakin nahi baduzu, ez irakurri inolaz ere El País: Madurok gobernatzen duen herrialdearen alde iluna baino ez dizu erakutsiko”.

Mario Vargas Llosa eta Gabriel García Márquez espainiarrez ere aritu da, boterearen pentsaera antzekoak izateak noraino eraman dituen azaltzen. “Niri ez zait halakorik gertatzen: ikuspegi antikapitalista dugunoi ez digute kamera eta mikrofonoa eskaintzen”, gaineratu du.

Ezkerrekoa den gaur egungo Mexiko

36 urteko diktaduran hazkunde ekonomiko nabarmena izan zuen herrialde ertamerikarrak. Zientzian eta teknologian inbertsio handiak egin zituzten, eta bazirudien, Borónen ustetan, aurrerantz aterako zela. Barne ekonomian izandako 1920. hamarkadako urte lazgarrien ondoren, baina, narkotrafikoa gailendu zen Mexikon, eta halaxe dago gaur egun ere –herritarren herenak zerikusia du narkotrafikoarekin–.

López Obrador estatuburu berria dute orain, eta ezkertiarra izan arren, Atilio Borónek ez du uste kontuak asko aldatzeko gai izango denik: “Tsunami baten goian dago, kontuz ibili beharko du; birritan pentsatuko du erabaki bat hartu ala ez”. Aurkari asko izango ditu: moneta, ustelkeria, azken urteotan ahuldutako lehen sektorea, eta batik bat, kanpora begira jarriz, AEBak. Zurruntasun osoz begiradapean izango dituela uste du Borónek, mehatxu bat baita estatubatuarrentzat ezkertiarrak hain gertu izatea.