Konfinamenduko hirugarren astea bete berri dute Italian, eta jendearen arteko tentsioak gora doazela igarri dute hainbat hedabide eta adituk. Nagusitzen ari dira kalean daudenen aurkako irain eta mehatxuak, baita supermerkatuetako istiluak ere.
Italiako biztanleria gehienak, Poliziak kontrolatutakoen %95ak, konfinamenduko neurriak errespetatu ditu. Estatuko zenbait probintziak kalean kirola egitea ahalbidetu die hiritarrei, betiere beraien etxetik 200 metro urrundu gabe. Hala ere, salatu dute geroz eta ohikoagoak direla kalean dauden horiekiko irainak.
Tentsioa nabari da Italian; segurtasun neurririk ez hartzea kritikatzen dute batzuek, supermerkatuetan janari larregi erostea besteek. Eugenia Tognotti, Sassariko (Sardinia) Unibertsitateko Historia Medikuko irakasleak eldiario.es-en azaldu du ohikoa dela epidemiaren hedapena norbaiti leporatu behar izatea.
Bere teoria berretsi du Luca Pezzulo, larrialdietako psikologoak. “Gure buruak, batez ere egoera konplexuetan, arazoaren erantzule bakarra aurkitzeko joera du: ardi beltza delakoa, haserrea kanalizatzeko erabiltzen den pertsona”.
Etxean geratzea denean mehatxu
Etxean geratzeko deia lehenengo eta agindua gero, Italiarrek hiru aste daramatzate beren etxeetan sartuta. Konfinamenduak psikologikoki dakartzan eraginak nabarmentzen hasi badira ere, denei ez die berdin eragiten etxean geratzeak. Badaude pertsona batzuk zeintzuk etxean geratzea bera den mehatxua beraientzat.
Autisten kasua, esaterako. Errutina egituratu bat izatea beraientzat positiboa dela esan du Alberto Danieli umeen neuropsikiatrak. Hori dela eta, Italiako zenbait probintziatan mota horretako arazoak dituzten pertsonak eta beren laguntzaileentzako neurriak aurreikusi dira.
Baina pertsona batzuentzat etxean geratzea bera da mehatxua, beren tratu txarren emaileekin dauden emakumeak. Italiako Carabinieriek adierazi dute joan den urtearekin alderatuta, martxoan beherakada handia izan dutela tratu txarren salaketek, eta hori gertatu dela emakumeek ez dutelako salatzeko aukerarik. Emakumeen etxeak ere kezkatuta agertu dira, ez dute deirik jasotzen eta hori “beldurgarria” dela esan dute.
Kalean ezin eta telematikoki
Agerikoa da kaleko iskanbilen kopuruak behera egin duela, konfinamenduaren egoerak derrigortuta. Ez du behera egin, ordea, indarkeriak berak. Interneteko indarkeriak gora egin duela adierazi dute adituek, iruzurretatik hasi eta pedofiliara arte.
Hala ere, izan dira borrokak kaleetan, horren adibide da Fondiko herrian hil duten gizona. Herri horretan dagoen kutsatu kopuru altua dela eta debekatuta dute herritik irtetzea, eta herritar bati alde egitea galazo zion gizona izan zen hildakoa.
Ekonomia ere tiraka
Jendartearen psikologian ez ezik, ekonomian ere eragin nabarmena izan du pandemiak. Herrialdeko supermerkatu batzuk jada poliziaren zaintzapean daude, lapurretak egiten saiatu baitira. Jendea kexu da etxean gelditzeak beren ekonomiari egin dakiokeen kalteaz, beraietako askok ez baitute irabazirik etxean dauden bitartean. Jokaera horiek "gizaki primitiboak arrisku egoeretan dituen prozesuei lotuta" daudela gehitu du Pezzullok. Jendeari izua eta indarkeria sorrarazten dio janari nahikoa izango ez duela pentsatzeak.