argia.eus
INPRIMATU
Ukrainak talde errusiazaleen aurkako operazioa abiatu du Donetsk eskualdean
  • Oleksandr Turtxinov Ukrainako behin-behineko presidenteak jakinarazi duenez, Donetsk eskualdean abiatutako operazioa urratsez-urrats gauzatuko dute, dagokion "ardura eta orekarekin".

ARGIA @argia 2014ko apirilaren 15a
Ekintzaile errusiazaleek Ukrainako hainbat eraikin ofizial hartu dituzte, eta barrikadak eraiki.

Vladimir Putin eta Barack Obama, elkarri mokoka

Vladimir Putinek AEBei eskatu die euren ahalmena balia dezatela Ukrainan odol isuria eragozteko. Barack Obamak, berriz, Errusiari eskatu dio bere eragina balia dezala Ukrainako hainbat eraikin ofizial hartu dituzten ekintzaile errusiazaleak geldiarazteko.

Bi agintariek telefonoz hitz egin dute astelehenean, Ukraina hego-ekialdeko hiriak astindu dituzten liskarren harira. Putinen hitzetan, errusieraz mintzo diren herritarrak aintzat hartu ez dituzten Kieveko agintarien “borondate eta gaitasun ezaren” fruitu dira protesta horiek.

Donetsk, Lugansk, Jarkov eta Slaviansk bezalako hirietako egoera hizpide, Putinek gaineratu du “Errusiaren balizko esku-hartzearen” inguruan AEBek agertu duten kezkak “informazio ez fidagarria” duela oinarri.

Aitzitik, Obamak esan du Ukrainako “indar irregularrek” armak utzi behar dituztela, eta Errusiak bere influentzia baliatu beharko lukeela horretarako. Zentzu horretan, Errusiari eskatu dio bere tropak kentzeko Ukrainako mugatik.

“Errusiaren isolamendu geroz eta agerikoagoa hazi egingo da Ukrainako ekintzek etenik ez badute”, adierazi du AEBetako presidenteak.

Bestalde, nabarmendu du krisi honetan Ukrainako Gobernuak zuzen jokatu duela. Azpimarratu du ahalegin handia egin duela herrialdea bateratzeko, maiatzaren 25eko “hauteskunde libre eta justuen” bitartez; baita boterearen deszentralizazioranzko urrats konkretuak proposatu dituela ere.

Genevako goi-bilera

Errusiar hedabideek iragarri dutenez, bi presidenteek akordio diplomatikoa lortzeko ahaleginetan jarraituko dute, apirilaren 17an Europar Batasunak, AEBek, Errusiak eta Ukrainak Genevan egingo duten bileraren atarian.

Krimeako penintsulak Errusiarekin bat egin zuenetik lehendabizikoz bilduko dira lau aldeak.