argia.eus
INPRIMATU
Tentsio uneak udaltzaingoaren eta korrikalarien artean Iruñean, ikurrinen afera dela eta
  • Udaltzaingoak Iruñeko entzierroko korrikalari bat identifikatu du larunbateko txupinazoan ikurrinekin izan zen arazoarekin lotuta. Identifikazioagatik kexu ziren beste bi pertsona salatu ditu Udaltzaingoak, eta hirugarren pertsona bati ukabilkada jo dio udaltzain batek.

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko uztailaren 09a
Udaltzainak muturrekoa eman ostean, horrela geratu da pertsona bat.

Entzierroaren aurretik, pertsona batzuk jarraika zituztela sumatu dute korrikalari batzuk. Halako batean, jarraika zituztenetako bat mugikorrean txupinazoan ikurrina atera zeneko irudiari so zegoela ohartu dira. Behin entzierroa hasita, kalez jantzitako udaltzainek korrikalarietako bat atxiki dute, berau identifikatu asmoz. Inguruan zegoen jendea hurbildu egin da zer gertatzen zen ikustera eta kexatzera.

Kexu ziren bi pertsona eta identifikatu nahi zutena udaletxearen atzeko aldera eraman dituzte udaltzainek. Momentu horretan, lekukoen arabera, udaltzain batek muturrekoa eman dio tartean zen bati. Pertsona lurrera erori da, arrisku egoeran egotera igaroaz. Izan ere, solte egon daitekeen zezenik bada, berau eramateko askatzen dituzten idiak heltzear ziren une horretan.

Azkenean, identifikatutako eta salatutako pertsonek 150 eta 600 euroko isunak jaso dituzte eta aske geratu dira.