argia.eus
INPRIMATU
Antiabortisten jazarpenari aurre egin diete Donostian eta tentsio uneak izan dira
  • Larunbatean tentsio uneak izan dira Donostiako Amara Zaharrean, abortua praktikatzen duen klinika baten aurrean mugimendu antiabortistak egindako mobilizazioen harira. Eskuin muturreko Hazte Oir gisako eragile espainiarren babesarekin, Koldo Mitxelenatik deituta, prozesioa egin dute egurrezko gurutze handi bat buru. Lekuan bertan zeuden, ordea, klinika hori eta abortatu nahi duten abortatzera doana defendatzera joandako dozenaka pertsonak.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko apirilaren 04a
Ertzaintzak klinika babestera joandako herritarrak bultzaka errepidearen beste aldeko espaloira eraman ditu.

Errezatzea ez da delitua lelopean, abortatzeko eskubidearen aurkako kanpaina indartu du mugimendu antiabortistak. Larunbaterako mobilizazioa deituta zeukaten, Koldo Mitxelena kultur etxetik Amara Zaharreko klinikara prozesioan joateko. 30 bat pertsona joan dira prozesioan egurrezko gurutze handi bat zeraman gizonaren atzetik.

Eragile feministek deituta, goizean auzoa abortuaren aldeko mezuekin eta puxika moreekin apaindu ostean, 19:30ean klinikaren parean hogei pertsonako taldeetan antolatzeko deia zabaldua zuten, "manifestazioa iristean klinikara gerturatzen diren emakumeei* zein langileei gure babesa adierazteko", watsapp bidez zabaldu zutenez.

Prozesio antiabortista klinikara heltzean, 50-60 bat lagun zeuzkaten zain lekuan bertan eta tentsioa biderkatu egin da. Prozesioan joandakoak espaloian errezatzen hasi direnean, "Gora borroka feminista", "Faxistak kanpora" eta "Alde hemendik, utzi bakean" gisako oihu artean aurrez aurre geratu dira, errepidea moztuta.

Ertzaintzak esku hartu du eta klinika defendatzera joandako auzokideak bultzaka beste espaloira joan arazi ditu. 30 bat minutuz luzatu da egoera, errezatzen ari zirenak joan diren arte.

Duela hilabete bat eskuin antiabortistako kideek Amarako auzokide bati eraso egin zioten.

Irutxuloko Hitzak protestaren berri eman zuen momentuan eta astelehenean bideo-erreportajea egin du larunbateko irudiekin.