argia.eus
INPRIMATU
Tenperatura altuengatik, Rodano ibaiaren inguruko zentral nuklearren aktibitatea murriztu behar izan dute
  • Frantzia ekialdeko Bugey eta Saint-Alban herrietako zentralen elektrizitate ekoizpena murriztu dute, aktibitateak ondorioztatu uren tenperaturen emendioak ekosisteman eragin kalteak saihesteko. Eguraldiari dagokionez, tenperatura altuak aurreikusten dituztenez, erabakia hartu behar izan dute.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko uztailaren 14a
Frantziako Estatuak hemezortzi zentral nuklear ditu. AEB eta gero, Frantziak ditu gehienik. Argazkia: Wikipedia

Erabaki bera hartu behar izan zuen Frantziako zentral nuklearren jabe EDF enpresak, baina aurtengoa egutegian lehenago dator. Aurreikuspen meteorologikoak direla eta, Rodano ibaiaren tenperatura goratuz doa eta bertara zentraleko ur beroak berriz botatzeak eraginak ditu inguruko ekosisteman –jakinik ohikoa baino beroagoa dela zentraletik botatako ura ere, ikusirik oinarrian erabilitako ura dela beroagoa...–. Sinpleki esplikatzeko, horrelakoa da bien arteko harremana: erreaktoreen funtzionamendurako, zentralak ibaiko ura erabiltzen du aktibitatean eragiten duen ur-lurruna hozteko –eta bere horretan urak 27, 28 edo 30 gradutan izateak ez du garrantzia handirik aktibitatearentzat–. Zentraleko ura 100 graduko tenperaturan dago eta 30-40 gradura jaitsi behar da. Erronka da zentraletik behera nahasten den uraren tenperatura, hau da, zentralak berriro ibaira isurtzen duen ura ez izatea izugarri beroa, bioaniztasunari kalterik ez egiteko.

Criirad erradioaktibitateari buruzko ikerketa zentroak dio zentralaren inguruko uren tenperaturaren emendioak ezin duela egunean batez beste hiru gradu gainditu. Oraingoz, aurreikuspen meteorologikoak direla eta, uztailaren 13tik 16ra iraunen du murrizketak, eta ekoizpena erdira apaltzea aurreikusten du EDFek. Jakinda elektrizitatearen kantitate handi bat esportaziora bideratzen dela, herritarren egunerokoan aldaketarik sentituko ez dela segurtatu du enpresak.

Klima aldaketaren eragina

Klima aldaketaren eragina geroz eta nabarmenagoa izanen da nuklearraren sektorean ere, tartean, ekoizpenaren murrizketak izanen direla aurreikusten dute. 2000 urteaz geroztik, urteko ekoizpena %0,3 apalago duela kalkulatu du EDFek.

Frantziako Estatuan orotara hemezortzi zentral nuklear dira, guzira 56 erreaktore. AEB eta gero Frantziak ditu zentral gehien munduan –sailkapenean dator gero Txina–.

Nahiz eta gutxitze neurri hori hartu, zentralek kalteak eragiten dituztela frogatu du ASN Segurtasun Nuklearraren Autoritateak: algak biderkatu dira eta hainbat arrain espezie ere kaltetuak dira. Orain arte irailean eta urrian gertatu ohi baziren murrizketak –ibaietako ur kantitatea ttipienean den garaian–, azken urteetan murrizketak geroz eta lehenago bideratu beharrean dabiltza –iaz maiatzean abiatu zituzten–.

Berez, Frantzia hegoaldeko Garona ibaiak du tenperaturen emendio handiena pairatzen, eta inguru horietan ere bada zentral nuklearra, Golfech herrian. Baina mantentze lanak direla eta, itxita dute agorrila bukaera arte.

Frantzian orotara hemezortzi zentral nuklear dira, guzira 56 erreaktore. AEB eta gero Frantziak ditu zentral gehien munduan –sailkapenean dator gero Txina–.