argia.eus
INPRIMATU
Tempus fugit carpe diem
Montserrat Auzmendi del Solar 2024ko urriaren 11
A. Bofill

Carl Orff-en ‘Carmina Burana’

Eszena-zuzendaritza eta eszenografia: Carlus Padrissa (La Fura del Baus).
Musika zuzendaria: César Belda.
Noiz: Urriaren 5ean.
Non: BIlboko Arriaga Antzokian.

---------------------------------------------------------

Carl Orffen Carmina Buranaren bertsio honek, La Fura del Bausen eskutik, Carlus Padrissaren zuzendaritza bitxiaren pean, hamalau urte daramatza eszenatokietan bueltaka, nahiz eta jende askorentzat zerbait berria izan.

Oraindik gogoan dut 2009an estreinatu zela, Donostiako Musika Hamabostaldian. Iraultza txiki bat zirudien. Zerbait desberdina, ikusgarria, adierazkorra.
Baina, nire ustez, produkzio hori gaizki zahartu da.

Zortzi metroko diametroa duen zilindroa, musikariak bildu eta pantaila-lanak egiten dituena, ilargi erraldoi bat, izotza urtzea, lore-estasia, mahats-bilketa zuzenean, eta hainbat gauza proiektatzen dituena, garabietatik zintzilik eta ardotan, uretan eta sutan murgildurik dauden tabernak eta abeslariak, eszenan ikusten ditugunak eta hasiera batean hain iradokitzaileak izan zitezkeenak (benetan uste dut jatorrizko eszenaratzea pixka bat zainduagoa zela), hori guztia une honetan bigarren hezkuntzako ikasleen antzezpena iruditu zait.

Carl Orffen obraren edertasunari eta indarrari buruz ezer gutxi esan daiteke. Testuei dagokienez, jatorrizko Carmina Burana XII. eta XIII. mendeetako olerki bilduma bat da, kodize bakar batean kontserbatu direnak eta bizitzeko poza eta plazerekiko, maitasunarekiko eta naturaren gozamenarekiko interesa goraipatzen dutenak, betiere garaiko estamentu sozialei begirada kritiko eta satirikoa emanda.

Musikari dagokionez, lanak hogeita bost numero ditu. Indar erritmikoa da bere ezaugarri nagusia, eta horrek entzulearen bihotzeraino iristen den bulkada ematen dio. Egia esan, partitura orkestra handi batentzat idatzita dago baina oraingo honetan Chamartin Orkestra Sinfonikoarekin konformatu behar izan dugu, bi pianok, kontrabaxuak, flautak eta perkusioak osatutako talde instrumentalarekin, eta CB Creatives koruarekin, eszenan desparpajo eta aisetasuna erakutsi zituena, inolako zalantzarik gabe.
Pena da bakarlarien izenak ezin aipatzea, fitxan ez direlako ematen. Sopranoak kantatzeko ahalegin handia egin behar izan zuen, eszena gainean kabriolak egiten zituen aldi berean, eta tinbre ona erakutsi zuen, nahiz eta agudoetan zailtasunen bat izan.

Baritonoak fraseo on eta beroa erakutsi zuen Omnia sol temperat-en nahiz eta agudoak ere ez izan bere ezaugarririk onena.

Agian, kontratenorrarena izan zen aktuaziorik ahulena, zailtasunez abestu baitzuen bere Olim lacus colueram, oilasko errea antzeztuz, sukaldatzen ari den bitartean biratzen ari den barran bere patuaz damutzen dena, Pena, bene-benetan.