argia.eus
INPRIMATU
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz
  • Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira eta hedabideek presioa egiten dute. Hala, batzuetan, aldaketak egiten dira; Nafarroan seinaleak euskaraz ere jartzen dituzte.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 13a
Bide gorriko seinalea gaztelaniaz eta euskaraz, Behatokiak eskaera egin eta gero. Argazkia: Behatokia.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak abuztuko laburpena plazaratu du, hilero egiten duen moduan. Hizkuntza eskubide urraketak, zoriontzekoak eta lorpenak agertzen dira zerrendan. Lorpen bat ageri da, Iruñea eta Zizur Nagusia lotzen dituen bideko seinale gehienetan euskara txertatu dutela dio. Herritar bat jarri zen harremanetan Behatokiarekin. Seinaleotan euskararik ez zela salatu zuen.

Ez da Behatokian halako salaketa bat jasotzen duten lehenengo aldia, eta bestalde, Nafarroako Gobernuak halakoetan ematen duen erantzuna ia beti berdina da. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak testuingurua azaldu digu, ikusteko Nafarroako Gobernuak seinaleen kontuan nola erantzuten duen. 103/2017 dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu ziren 2019an. Horietako batek zioen Nafarroako Gobernuaren zerbitzu zentraletako seinaleak, oharrak, jakinarazpenak… elebitan joan behar zirela. Epaitegietatik artikulu hori baliogabetu zuten. Beraz, baliogabetze hori erabilita, Zizurreko herritarrak egindako salaketa moten aurrean horixe erantzuten du Gobernuak: ez daukala elebitan emateko betebeharrik. Behatokiaren erantzuna, behin eta berriz, hau da: betebeharrik ez, baina debekurik ere ez dago: “Gobernuak egin dezake eta iruditzen zaigu egin behar duela, gutxienez elebitan agertu beharko lirateke”. Gaubekaren ustez, tematzeak, batzuetan, baditu ondorioak. Zizurreko adibidean, erantzunak ez zuen aldaketarako itxaropen handirik ematen, baina egoera salatu zuen herritarrak berak adierazi dio Behatokiari ia seinale gehienak elebitan jarri dituztela. Gaubekaren ustez, herritarren eta hedabideen presioak eragina du, eta horregatik: “Herritarrei dei egiten diegu, batzuetan ez lehenengoan, ez bigarrengoan… hirugarrengoan lortzen dugu, baina aldaketak egitea lortzen dugu, eta jendea animatzen dugu argazkiak bidaltzera [Euskararen Telefonora].

Seinalea oraindik gaztelania hutsean. Argazkia: Behatokia.