Olaso Dorrea fundazioak Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategia aurkeztu du ostegunean Bergaran, politikari abertzalea zenaren sorlekuan. Euskal Herriak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko asmoz sortu dute; ekitaldi publiko baten eman dute “ideia laborategiaren” berri fundazioko lehendakari Iratxe Esnaolak eta bertako zuzendari Urko Aiartzak, eta aurkezpenean izan dira hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialetako ordezkariak ere.
Eragile politiko, sindikal eta sozialetako ordezkarien barruan, aurkezpenean egon dira, besteak beste, EH Bilduko Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte, EAJko Andoni Ortuzar eta Juan Mari Atutxa, eta ELAko, Eusko Ikaskuntzako, Agirre Center-eko, Gaindegiako, Gure Esku-ko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak.
"Ekinbide berriak behar ditugu"
Laborategiaren zerumuga zein izango den azaldu dute Olaso Dorreko lorategian egindako aurkezpenean. "Laborategiaren zerumuga elkarkidetzan eta gizarte kohesioan erreferentzia den Euskal Herria burujabea da. Askatasun demokratikoak, aukera-berdintasuna eta gizarte inklusioa ardatz dituen Euskal Herria burujabe bat: hori da gure zerumuga", adierazi du Esnaolak. Horren batera, Aiartzak gaineratu du lan ildo berriak behar dituela Euskal Herriak. "Bizi dugun testuinguruan ekinbide berriak behar ditugula uste dugu, gure herriaren bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta kulturala eta bere ongizatea bermatzeko tresna eta egiteko modu berriak".
Ostegunean ireki dute hirugarren zikloa
Olaso dorrea XVI. mende hasieran altxatu zen eta XX. mendean zehar Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren bizilekua izan zen; 1982an Olaso Dorrea fundazioa sortu zuten, Monzonen azken nahiei erantzunez, eta ostegun honetan ireki dute fundazioaren patronatuaren hirugarren zikloa. Bigarren eta hirugarren zikloen arteko zubi-lanetan aritu den Jose Luis Elkorok ere hartu du hitza aurkezpenean. "Niretako garrantzitsuena da bere [Telesforo Monzonen] mezua, Euskal Herriarekiko eta euskararekiko maitasuna, bere konpromisoa, hori da transmititu ziguna. Gehien nahi duguna da hori jasoko duen taldea etorriko dela atzetik; badugu konfiantza, badakigu nortzuk diren eta sintonian daude Telesfororen filosofiarekin. Badakigu bide horrekin jarraituko dutela".
Monzonen balioei jarraiki
Euskal Herriaren garapenean estrategikoak diren jakintza esparruetan proposamen kualifikatuak egiteko ideien laborategia da. Laborategiaren lan ildo nagusiak izango dira globalizazioa, identitatea, ongizatea eta lurralde kohesioa. Era berean, Telesforo Monzonen bizitza gidatu zuten balioak izango ditu oinarri laborategi berriak. Balio horien artean nabarmendu dituzte "herri honekiko eta bertako herritarrekiko konpromisoa"; "belaunaldi berrien ideia eta kezkekiko irekitasuna", "zorroztasuna, analisian eta horien azalpenean" eta "sormena".