Eroskiren arreta zerbitzua eskaintzen duen bZERO telemarketing enpresak 45 egunez enplegu eta soldata gabe utzi du langilea. ELAk azaldu duenez, enpresan prekarietatea da nagusi, lanaldi partzial eta soldata baxuekin.
Jasaten dituen lan-baldintza eskasengatik bere amorrua bi txiotan azaldu duen Maria Solaetxe langileari isuna jarri diote nagusiek. Gertaera pasa den Eguberritan izan da, Eroskik eta honek azpikontrataturiko bZERO Makerting Integral enpresak bere langileen artean Gabonetako bi lote zozketatzea erabaki zuenean. Langilea –ELA sindikatuko ordezkaria enpresa batzordean– irainduta sentitu zen, haren esanetan jasaten dituzten lan-baldintzak hobetu beharrean “limosna” eskaintzen ari zelako enpresa.
ELAk azaldu duenez, feminizatutako sektore batez ari gara. Telemarketing enpresan lan-baldintza kaskarrak jasaten dituzte sindikatuaren arabera, soldata oso baxuak, azpiegitura eskasak, lanaldi partzialak eta “komunera joetako erabiltzen duten denbora” ere neurtzerainoko kontrola. Langile honek, esaterako, astean 33 ordu lan egiteagatik 787 euro baino ez du kobratzen hilean, “oso egoera prekarioa da, kontatu digunez batzuetan aukeratu behar izaten du: jan ala kalefakzioa piztu”, azaldu du Hala Bedi irratian Naroa Elortza ELAko kideak.
Txioak bidali eta hilabete eta erdi geroago, otsailaren 9an, enpresak “espediente kontraesankorra” ireki dio langileari, “errespetu falta larriagatik” eta mezuek bezero nagusi duen Eroskirekiko “erabateko mespretxu eta nazka adierazten” dutelako. Aurretik, Eroski kooperatibako zuzendaritzak kexa formala azaldu zien telemarketing operadoreko arduradunei, bere “irudia eta izen komertzial ona” kaltetuak izan direlakoan. Enpresak 45 egunez enplegu eta soldatarik gabe utzi du langilea, “kontuan izanik lehenengo aldia dela”.
Mozal legea lantokietan?
ELAren ustez adierazpen askatasunaren kontrako eraso larria da honakoa: “Ikaragarria da maila pertsonalean –dio Elortzak–, baina baita aurrekari bat sortzen duelako ere. Enpresaren, Eroskiren edo dena delakoaren kontra jartzen baduzu kartel bat edo esaten baduzu hitz bat, kaleratzearen beldurra hor egongo da. Honek prekarietatea betierekotzen du, beste ‘akats’ bat eginez gero kalera zoazelako”.
Egoera hori salatzeko, eta “lantegietan ere Mozal legea aplikatu ez dadin”, enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du ostegun eguerdian enpresaren Bilboko bulegoen aurrean, eta datorren asterako geldialdia iragarri dute.
Gehiago jakiteko:
Igor Goikolea kazetariak Twitter bidez auziaren inguruan argitaraturiko kronika.
Maria Solaetxek bere enpresan jasaten dituzten lan-baldintzen inguruko testigantza eskaini zuen eta ELAk Youtubera igo du: