argia.eus
INPRIMATU
Telegramen sortzaile Pavel Durov aske utzi dute, baina zaintza judizialpean eta Frantziatik irtetea debekatuta
  • Bost milioi euroko fidantza ordaindu du, eta astean bitan agertu beharko du poliziaren aurrean. Hamabi delitu egotzi dizkiote, eta bere seme-alabetako baten aurkako “indarkeria larriagatik” ikerketa ireki diote Frantzian.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 29a
Pavel Durov eta Nikolai Durov anaiek sortu zuten Telegram 2013an. Argazkia: Wikipedia Commons

Lau egun atxilotuta egon ondoren, Telegramen zuzendari exekutibo eta sortzaileetakoa den Pavel Durov aske utzi dute, bost milioi inguruko fidantza ordaindu ondoren, baina zaintza judizialpean jarri dute, poliziaren aurrean astean bitan agertu beharko du, eta debekatuta dauka Frantziatik irtetea. Abuztuaren 24an Durov atxilotu zuen Frantziako Aireko Garraioko Jendarmeriak, Paris-Le Bourget aireportuko pistan. Ikerketa Kriminaleko Zuzendaritza Nazionalaren adingabeen bulegoak (OFMIN) atxilotze agindua eman zuen Durov-en aurka, eta droga-trafikoa, ziber-jazarpena, iruzurra, krimen antolatua edo terrorismoaren apologia egotzi zizkioten, Axier Lopezek ARGIA astekarian informatu duenez. Plataformaren moderazio falta eta agintariekin lankidetzan ez aritzea ere leporatu zizkioten.

Parisko Justizia Auzitegiak prentsa-ohar bat zabaldu du, eta Durov-i hamabi kargu egotzi dizkiote. Kargu horien artean daude: online plataforma bat administratzea, banda antolatuan legez kontrako transakzioa egin ahal izateko; agintariek eskatuta, legeak baimendutako esku-hartzeak egiteko eta ustiatzeko beharrezko informazio eta dokumentuak jakinarazteari uko egitea; edo adingabeen irudi pornografikoa zabaltzea, eskaintzea edo banda antolatuan eskuragarri jartzea. Parisko fiskal Laure Beccuau-k adierazi du Telegramek zerikusia izan duela Frantziako hainbat kasu penaletan, eta “ia guztietan” ez ziola erantzun agintarien lankidetza-eskaerei. Beccuau-k adierazi du Frantzia osoko fiskalek, eta Belgikako eta Europako beste herrialde batzuetako agintari judizialek "ikuspuntu bera" izan dutela, New York Times egunkariak jaso duenez.

Telegramek adierazi zuen Durov-ek ez duela “ezer ezkutatzeko”

Telegramek Durov-en atxiloketaren harira sare sozialen bitartez erantzuna eman zuen. Mezularitza-enpresak adierazi zuen “EBko legeak betetzen” dituela, “Zerbitzu Digitalen Legea” barne, eta Durov-en errugabetasuna azpimarratu zuen: “Telegrameko exekutiboak, Pavel Durov-ek, ez du ezer ezkutatzeko, eta maiz bidaiatzen du Europan barrena”. Plataforma edo horren jabea “abusuaren erantzuleak izatea zentzugabea” dela salatu zuten, eta “egoera lehenbailehen konpontzeko zain” zeudela.

Durov-ek hainbat tira-bira justiziarekin

Azken urteotan hainbat tira-bira izan ditu Durov-ek justiziarekin. Azkenetako bat martxoan izan zen, Espainiako Estatuko Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek Telegram guztiz blokeatzea eskatu zuenean, Mediaset, Atresmedia eta Movistar Plus enpresek eskatuta, plataformako “kanal batzuetan egile-eskubideek babestutako edukia partekatzen zelako”.

Abuztuaren 28an beste ikerketa bat ireki dute Frantzian Durov-en aurka, bere seme-alabetako baten aurkako "indarkeria larriagatik" Parisen bizi zenean, AFP agentziak informatu duenez. Adin txikikoa Suitzan bizi da gaur egun amarekin. Amak 2023an jarri zuen salaketa Suitzan.

Durov-ek pasaporte errusiarra, frantsesa eta emirerritarra ditu. Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) bizi da, Telegramek bertan du egoitza nagusia. Durov-ek Errusiatik alde egin zuen, berak sortutako Vkontakte sare sozialean Errusiako oposizio politikoak zeuzkan komunitateak ixteko eskakizunak betetzeari uko egin ostean.