argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian
  • Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak zirela.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 23a
Ikerlariek urtebete eman dute Telegram kanaletan infiltratuta. STRG_F

Aste honetan Alemaniako ARD irrati publikoak sare kriminal baten berri eman du ikerketa baten bidez. Azaleratu duenez, dozenaka mila gizonek Telegram taldeak erabiltzen dituzte, emakumeak nola drogatu eta haiei nola eraso egin jakiteko informazioa partekatzeko. ARD kateko ikerketa-taldea urtebete baino gehiagoz mezularitza-plataformako hainbat taldetan sartu da. Gune horietan frogatu dute milaka gizonek erasoak nola egin azalduz jarraibide zehatzak partekatzen dituztela, baita biktimei lasaigarriak emateko beharrezkoak diren substantziak non lortu ere.

Proiektuaren arduradunak diren Isabel Beer eta Isabel Ströh kazetariek frogatu dute milaka gizonek osatutako taldeak daudela bortxaketak nola egin azalduz, eta horietako Rape chat (Bortxaketa txat) batean 70.000 gizon baino gehiago daudela, La Vanguardia egunkariak ere jaso duenez. Ikerlariek gizon horiek partekatzen zituzten irudi eta bideoak biltzea lortu zuten, egindako sexu-erasoak erakusten zituztenak barne. Kazetariek sare sozialetan zabaldutako pantaila-irudien arabera, erabiltzaile batzuek bikotekideak eta gertuko beste senide batzuk –euren amak tartean– eskaintzen zituzten bortxaketen biktimak izan zitezen. Dominique Pelicoten –txatetan aipatua– kasua gogora ekartzen duten gertaerak dira. Gainera, erasotzaileek narkotikoak erosteko webguneetarako estekak ere partekatu zituzten, norberaren zaintzarako produktu gisa aurkeztuta, ilerako tratamendu gisa, adibidez.

The Telegraph egunkariak Telegramek ateratako komunikatua jaso du eta plataformaren erabilera okerraren aurrean “zero tolerantzia politika” mantentzen duela adierazi du, eta eduki mota hori zabaltzen duten erabiltzaileen aurkako neurriak hartuko dituela.