argia.eus
INPRIMATU
“Telefonoz ez da sendatzen” kanpaina abiatu dute, aurrez aurre artatu gabeko emakume bat minbiziz hil ostean
  • Askori gertatu moduan, aurrez aurre artatu beharrean behin eta berriz telefonoz aritu behar izan zuen medikuarekin Sonia Sainzek, eta Barakaldoko Gurutzeta ospitalean ere saiatu zen Gaztela Leongo emakumea, baina ospitaleratu zutenerako berandu zen, minbizia zuen, metastasiarekin, eta hil egin zen. Ahal diren kontsulta guztiak aurrez aurrekoak izatea eskatuz sinadura bilketa jarri du martxan haren familiak.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 01a

“Hil baino lau aste lehenago izan zuen Soniak bere gaixotasunaren berri, Gurutzetan ospitaleratu zutenean. Ordura arte, hiru hilabete eman zituen familia-medikuarekin telefonoz. Gurutzetako larrialditara joan zenean, bertaratu izana leporatu zioten, koronabirusaz kutsatu zitekeela esanaz”, kontatu du bere ahizpak.

Sistematikoki telefono bidezko kontsultak egin ordez, telefonoz egiten direnak salbuespenezkoak izatea eskatuz kanpaina abiatu du Sonia Sainzen ahizpak, eta dagoeneko 150.000 sinadura baino gehiago bildu ditu Change.org-en, “Telefonoz ez da sendatzen” lelopean.

Aurrez aurreko kontsultak lortzea zaila izaten ari da askorentzat, horrek dituen albo-ondorioekin. Olatz Vázquez kazetariari ere, adibidez, berandu atzeman zioten minbizia: “COVIDak kutsatu dituenak baino biktima gehiago uzten ari da krisi hau”.