argia.eus
INPRIMATU
Telefonicako ordezkaritzak ez ditu grebalariak mintzakide gisa onartu lehen negoziazioan
  • Ez dute fruiturik eman astelehen gauean Movistarreko ordezkaritzak eta grebalariek egindako lehen harremanek. ARGIAk jakin ahal izan duenez, Bartzelonan egindako aurrez aurrekoan Telefonicak ez du Greba Komitea aitortu mintzakide gisa. 15.000 langile greba mugagabean daude Espainiako Estatuan. Gatazka gogortuko dela iragarri dute grebalariek.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko maiatzaren 12a
Movistarreko langileak, negoziazioek eman dutena adierazten. (Arg: Gorka Leiza / La Directa)

Larunbatean Kataluniako hiriburuko Movistarren denda batean itxialdia egin ostean, multinazionalak mahai batean esertzea onartu zuen. Euskal Herritik sei ordezkari joan dira Bartzelonara, gertakariak bertatik bertara jarraitzera.

Telefonicak mahai gainean jarri du dagoeneko UGT eta CCOOrekin akordioa lortu dutela, eta ezin dutela hitz hori hautsi. Grebalariekin hitz egin gabe, CCOO eta UGTk maiatzaren 5ean multinazionalarekin akordio bat sinatu zuten, iragarriz beraiek deitu ez zuten grebaren amaiera. Greba batzordeak aho batez atzera bota zuen akordio hori.

Langileek greba mugagabearekin jarraituko dute eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Datozen ordu eta egunetan asanbladak egin nahi dituzte, baina ARGIAri adierazio diotenez, “guda nahi badute, izango dute; Euskal Herrian oraindik ez dugu hitz egin, baina ziurta dezakegu estatuan gatazka gogortu egingo dela”.

Tentsioa eta alaitasuna negoziazioaren emaitzen zain

400 bat pertsona Movistarren eraikinaren oinean bildu ziren, negoziazioak barnean iraun bitartean. La Directa agerkariak jaso duenez, tentsioan, baina giro alaian, langile eta senideentzat mikrofono bat ireki zuten. Beste lan gatazka batzuetatik elkartasun mezuak jaso zituzten, horien artean Coca Colako langileriarena.

Nabarmendu zuten Movistarreko langileek multinazionalari bota dioten erronkaren garrantzia. "Denok ari gara borrokan denon etorkizunaren alde", "gu gabe ez zarete ezer" edo "hau herriaren greba da", aldarrikatu zuten.

22:00ak inguruan irten dira ordezkariak eraikinetik eta elkarrizketen emaitza jakinarazi dute: “Porrota”. Hala ere, tentsio eta tristura uneak bizi ostean, berriz ere indartu eta adierazi dute bazekitela lehen aldian ez zutela konponduko, baina A, B, C eta D planak dauzkatela, eta grebak aurrera jarraitzen duela.

Informazio gehiago:

"Esklabotza egoeran gaude, horregatik greba", elkarrizketa Angel Circujanorekin, Gipuzkoako Greba Batzordeko kidea.