argia.eus
INPRIMATU
Telefonicako langileek presidenteak baino 706 aldiz gutxiago kobratzen dute
  • Telefonicak azpikontratatutako langileen soldatak Cesar Alierta Telefonicako presidentearenak baino 706 bider txikiagokoa dira. Administrazio kontseiluko kideek euren soldatak %20 igo zituzten 2011 eta 2013 urteen artean, 6.830 langile kaleratu zituen enplegu-erregulazioko espedientea onartu zuten bitartean.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko maiatzaren 06a
RAMÓN SERRA / Fotomovimiento

Telefonicako langileek bizi duten egoera prekarioen aurka mobilizazioak egiten ari dira. Apirilaren 7an hasi zituzten protestek ez dute etenik izan, oihartzun handirik izan ez duen arren.

Pello Zubiriak Telefonicako langileen bizi baldintzak jaso ditu blogean, Brais Benitez La Mareako kazetariak plazaratutako datuetatik abiatuta: 12 ordutara iristen diren lan aldiak dauzkate, horietatik lau baizik ez kotizatuz; astelehenetik igandera ari behar dute hilabetean 800 euro baizik ez kobratzeko; horietatik deskontatu behar dira langile bakoitzak bere kotxearekin egin beharreko gastuak, dela gasolina, bezeroaren etxe inguruan aparkatzea, eta abar.

Lan baldintza horiek eskaintzen dizkie 20.000 langileri Espainiako korporazio gotorrenetakoa den Telefonicak, 3.178 milioi euroko irabaziak 2014an.