Maiatzaren 24ko hauteskundeen ondoren hautatuak izan diren hainbat lagunek agerraldi jendetsu baten bidez jakinarazi dute hilaren 26an Katalunian Telefonica-Movistarreko grebalarien “Eskaileren konpromisoa” sinatuko dutela.
Horrek esan nahi du, ez dituztela kontratatuko telekomunikazioen alorreko multinazionalaren zerbitzuak hautatuak izan diren udaletan, langileentzat baldintza duinak ziurtatzen ez dituzten bitartean.
La Directa hedabide kataluniarrak informatu duenez, sinatzaileen artean daude, besteak beste, Bartzelonako Udalerako hauteskundeak irabazi dituen Barcelona en Comú plataforma, Guanyem Badalona, CUP, ICV-EUiA eta ERCko hautetsiak, beste zenbait hauteskunde plataformaren artean.
Aurreikuspenen arabera, ekainaren 13an hartuko dituzte aginte-postuak konpromisoa sinatu dutenek.
Telefonicak presioaren aurrean erreakzionatu du
Horren aurrean eta grebalariek Bartzelonan okupatutako dendan jarraitzen dutela ikusirik, ostegunean jakin da Telefonicak bitartekari bat izendatu duela langileekin negoziatzeko.
Hori bai, elkarrizketak hasteko Telefonica-Movistarrek baldintza gisa jarri die langileei itxialdiarekin amaitu behar dutela. Langileek asanblada bidez erabaki dute uko egingo diote baldintza horri, baina prest daudela negoziazio mahaian esertzeko.